Euskal Herriko selekzioari ofizialtasuna aitortu dio CIJB-k, eta hori estreinatzeko, hiru herritatik jira egingo dute.
Joko zuzeneko euskal selekzioko ordezkariak.
Euskal Herriko eta Valentziako joko zuzeneko selekzioek erakustaldi
tour bat egingo dute Gipuzkoako hiru herritan zehar. Izan ere, Confederation Internationale de Jeu de Balle-kk ofizialtasuna aitortu dio euskal selekzioari, eta hori estreinatze aldera, modalitate ezberdinetako norgehiagokak jokatuko dituzte.
Gaur Amezketan izango dira bi selekzioetako pilotariak, eta bihar, berriz, Azkoitian. Etzi eguerdian Oiartzunen ariko dira bi taldeetako kideak. 11:30etik aurrera, Nazioarteko Modalitatean ariko dira nor baino nor. Bote Luzearen antzeko jokoa da hori. Ordubete beranduago, berriz, One Wall-ean ariko dira. Izenak berak dioen bezala, frontisa bakarrik erabiltzen dute, eta ez dago txaparik. Bukatzeko, 13:00etan, Llarguesen ariko dira. Euskal Herrian jokatzen den errebotearen antza du horrek. Honako pilotariek jokatuko dituzte Oiartzungo partidak:
- Llargues eta Modalitate Internazionala: Josu eta Xabi Leonet, Ekaitz Lasa, Andoni Zabala, Iñaki Esnal eta Joseba Azpiroz.
- One wall: Leire Galdos eta Jaione Zulaika.
- Hautatzaileak: Joxe Mari Mitxelena eta Ion Eskudero.