Iraupen luzeko elikagaiak, baina batez ere haurrentzako esnea eta biberoiak biltzen ari da Zapore Solidarioa iniziatiba Oiartzungo Alcampon gaur. Pasta, lekaleak, esnea, olioa... horiek behar dituzte errefuxiatuei jaten emateko.

Janari bilketa egiten ari da Zapore Solidarioak
Dena gutxi da gerratik ihesi datozen errefuxiatuak laguntzeko. Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak Zapore Solidarioak iniziatiba jarri zuen martxan eta sukalde bat hartuta, joan den hilabetean Greziako Chiosera joan ziren bertara heltzen diren errefuxiatuei jaten emateko. Horren harira, iniziatiba bera janari bilketa egiten ari da gaur Oiartzungo Alcampo supermerkatuaren sarreran. Denetarik behar dute, iraupen luzeko elikagaiak, baina batez ere haurrentzako esnea eta baita biberoiak ere. Pasta, lekaleak, esnea, olioa… horiek behar dituzte errefuxiatuei jaten emateko. Galtzerdiak ere.
Goizeko hamarretan hasi dira supermerkatura hurbildu diren bezeroei bilketaren gaineko informazioa ematen, eta horiek biltzeko poltsak banatzen. Beatriz Martinez Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteko kidea da, eta Zapore solidarioak iniziatibako partaide ere. Oiartzungo supermerkatuan dago elikagaien bilketa egiten, eta goizean zehar Lezoko Txerrimuñoko hainbat kideren laguntza izango du bilketa egiteko. Helburu zehatzik ez omen dute jarri, “ahalik eta gehien biltzea da kontua. Kamioia bete nahi dugu Chiosera datorren astean abiatzeko eta horretarako 500 kilo elikagai behar ditugu”.
Zapore solidarioak iniziatiba Chiosera heldu zenean 700 otordu banatzen hasi zen, baina berehala 1.700 banatzera pasa zirela esan du Martinezek, “handitu egin da beraz bertara bidali behar dugun elikagai kopurua”. Egoera egunetik egunera aldatzen dela gaineratu du, “jarraitzen dugu sukaldatzen bertan, janaria banatzen, eta elikagaiak biltzen eta horrela jarraitzeko asmoa dugu”. Chiosen duten sukaldearekin batera Zaporeak iniziatibak sukalde ibiltaria martxan jartzeko asmoa ere badu, “azkenean errefuxiatuak batetik bestera dabiltza. Libre izatetik, konzentrazio eremuetara pasa dituzte. Errefuxiatu zentroa deitzen dute baina bertan barrakoietan daude, lokatza, zorriak, eta kontzertinak dira nagusi. Ezin dute bertatik irten. Zaporeak iniziatibako kideak izan dute aukera eremu horretara sartzeko, baina besteetan kontzertinek uzten dituzten tarteen artean banatu behar izan diete jatekoa errefuxiatuei”.
Chiosen dauden errefuxiatuekin zer gertatuko ote den ez dakitela esan du Martinezek, “atzo bertan beste ontzi bat heldu zela jakin genuen 200 errefuxiatuekin. Tartean ume ugari zeuden… Laguntza guztia ez da nahikoa”.
Elikagaien bankuak lokalak utzi dizkie bildutako elikagai guztiak bertan pilatzeko. Datorren larunbatean, berriz. Donostiako Super Amara supermerkatuetan beste bilketa kanpaina egingo du Zaporeak iniziatibak. Bidasoan ere saiatuko direla gaineratu du Martinezek, “Irunen nahi dugu egin, baina zehazteke dago oraindik”.
Zalantza, zailtasunik handiena
Egun Chiosen dauden Zaporeak iniziatibako bost kideekin egunero hitz egiteko aukera dutela esan du, bestalde, eta zailtasunik handiena “zalantza” dela nabarmendu du, “goizeko lauretan jeikitzen dira janaraia prestatzera eta oheratzen direnean ez dakite zenbat jenderentzat sukaldatu behar duten hurrengo egunean”. Bertara heltzen diren errefuxiatuei edateko beroak ematen dizkiete Zaporeak inizatibakoek, kakaoa, esnea, kafea, ogia… Eguerditan berriz lekaleak, pasta edo arroza ematen diete, “kopuru handitan egin daitezkeen janariak eta elikatzen dutenak”. Errefuxiatu zentrora janaria eramaten dutela kontatu du Martinezek, hori ordea askotan ez da nahikoa bertan diren errefuxiatu guztiei jaten emateko, ez balitz Zaporeak iniziatibarengatik hainbat egunetan 600 errefuxiatu jatekorik gabe geldituko lirateke. Hau da egoera”.
Datorren astean joatekoa da Martinez Chiosera hiru asterako. Txandaka dabiltza bertan laguntzen ari diren kideak, “hala ere ez da ziurra, datorren astean gertatuko denaren zain gara. Astelehenean extradizioak hasiko dituztela uste dugu, eta hortik aurrera ez dakigu Chios hustuko duten… Ez dakit itxarotea tokatuko zaidan bertara joateko, Chiosera joan beharko dudan, edo beste nonbaitera mugitu. Errefuxiatuak Chisoetik eramanda ere sukaldeak bertan jarraituko du, ez dakigulako berriz ere itxasoz etortzen hasiko diren edo ez ez “.
Gerratik ihesi datozen errefuxiatuen lekuan jartzeko eskatu du azkenik Martinezek, “gu bezalakoak dira, ez datoz etorkizun hobeago baten bila, gerratik ihesi datoz eta inork ez ditu bere seme-alabak arriskuan jartzen ez bada beren herrian hiltzen ari direlako. Ihesi datoz, bizi nahi dute, asko eta asko zutena galduta eta diru gutxia hona iristeko mafiei ordaintzen xahutu dute”. Argi du gainera, Europak nahi izanez gero guztien artean hiru miloi lagun hartzea lukeela, “Europa handia da eta lekua egitea dugu. Ez dugu gainera zertan beldurrik izan, ez dugu okerrera egingo errefuxiatuak hartzeagatik, gure egoera txarra da bertakoek lapurtzen digutelako eta ez kanpotik datozenek ogia kenduko digutelako. Inork ezin du esan guri ez zaigula gertatuko”.