Asteburu honetan bukatzen da Liga; biharko estropada Orion da, eta etzikoa, azkenik Pasaian.
Hibaikak emakumeen hiru txapelketa irabaz ditzake
Gipuzkoako Batelen Ligako azken bi jardunaldiak jokatuko dituzte bihar Orion (16:30) eta etzi Pasaian (10:30). Getarian egitekoa zen igandeko estropada, baina eguraldiaren iragarpenak aldaketa behartu du, eta azkenik Pasaian jokatuko da.
Oarsoaldeko ontziek lau aukera garbi dituzte, zortzi kategorietatik, txapelak eskualdera ekartzeko.
Nesken seniorretan, esaterako, Hibaikak jada irabazita du liga. Lehiatu diren 11 estropadak, denak, irabazi ditu. Nesken haurretan eta promesetan ere lider dira errenteriarrak, nabarmen gainera, eta kataklismoa gertatu beharko litzateke beste bi liga horiek ez irabazteko.
Gizonetan, aukera garbi bakarra. San Juanen seniorren batela lider da sailkapenean, eta asteburuko bi estropadetan gauzak normal joanez gero, Zarautzekiko dituen lau puntuek aski izan behar dute liga Donibanera eramateko.
Beste lau kategorietan, nesken gazteetan, nahiz gizonen gazte haur eta kadeteetan ere erabakiko dira herrialdeko ligako txapeldunak.
Hurrengo asteburuan, hilaren 16 eta 17an, Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan batelek Pasaiako badian.