Jai eredu alternatiboa eraiki asmoz, Topagunea sortu dute Antxon; urtarrilaz geroztik ari dira gogoeta prozesuan, hiru ardatzen inguruan: parte hartzea, parekidetasuna eta euskara.
Antxoko Topaguneko kideen talde argazkia, kultur etxean
Urtarrilak 1, otsailak 2, martxoak 3, apirilak 4… sanferminetarako atzerako kontaketa aurrera doa. Konturatzerako eskailera horretan hiru harmaila baino ez zapi gorriek zerua estal dezaten.
Antxoko Topaguneak abestiak ezagun egindako mugarriak baliatu ditu jaien ereduaren gaineko hausnarketarako. Hilean behin biltzen ari dira Topaguneko kideak, abestiak ezagun egindako datetan, jai eredu alternatiboa eraiki bidean egin beharreko urratsez gogoeta egiteko.
Iazko sanferminen atarian sortu zen Topagunea, eta ordutik ari dira lanean pixkanaka gorpuzten ari den egitasmoan. Ane Etxeberria eta Garbiñe Altxu Topagunearen sortzaileetako bi dira. Kontatu dutenez, aspaldiko kezka bati erantzuteko erabaki zuten gaiari eustea: «Ikusten genuen jaiak ari zirela hartzen norabide bat ez zitzaiguna gustatzen. Geroz eta gehiago biltzen ginela tabernetan, baina kalea galtzen ari ginela. Inguruko herri guztietan txosnak daude, baina Antxon gaztetxea zen alternatiba bakarra», kontatu du Etxeberriak.
Kezka horri behingoz eustea erabaki zuten iazko ekainean, jaien atarian. Harremantxo, AEK, eta Basari elkartea elkartu ziren hasiera batean Topagunean, hiru ardatzen bueltan lan egiteko asmoz: «Jai parekideak, parte hartzaileak eta euskaldunak».
Motibazio handiarekin
«Korrika eta presaka» txosna bat atondu eta egitarau xume batekin hasi ziren lanean iaz, «herrian presentzia izan eta jendeari asmoa ezagutzera emateko».
Denbora tarte gutxirekin lanean hasi baziren ere, hasieran uste zutena baino erantzun hobea izan zuen Topaguneak herritarren artean. Jende asko batu zen lanera, eta «nahiko erraz» atera zituzten aurrera aurreikusitako guztiak. «Berandu eginda gauzak, ondo erantzun zuen jendeak. Aurten, urtarriletik ari gara lanean, eta indar gehiago eta motibazio handiarekin», nabarmendu du Altxuk.
Garbiñe Altxu eta Ane Etxeberria, Topaguneko kideak
Data sinbolikoak baliatuta
Topaguneak abestiak ezagun egindako «data sinboliko horiek» baliatu ditu jaien gaineko hausnarketa herritarrekin partekatzeko. «Jaiak beti lotzen ditugu parrandarekin, gau giroarekin eta, baina azken finean jaiak gizartearen isla dira, eta tresna oso garrantzitsua gauzak egin ahal izateko». Hausnarketa horretan du oinarria beren asmoak, eta festetatik eragin zezaketela jakinik ekin zioten lanari.
Urtarrilaren 1ean, jendeari urteberriko ospakizunen argazkiak egiteko eskatu zioten, nola ez, zapi gorriak lepoan. Otsailaren 2an, berriz, jaien inguruko «hausnarketa orokorra» egin zuten: «Zer ziren guretzako jai herrikoak, jai parekideak… betiko hitz polit horiek nola ulertzen ditugun azaldu genuen».
Martxoaren 3an, parekidetasunaren gaian jarri zuten fokoa, Emakumearen Nazioarteko Egunari keinua eginez. Bilgune Feministaren
Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala proiektatu zuten orduan eta tailer bat ere egin zuten, «jai parekidez zer espero genuen argitzeko, eta hori guztia aurtengo jaien egitarauan nola islatu erabakitzeko».
Aste honetan bertan egin dute azkeneko saioa, astelehenean, hilak 4. Donostiako piraten dokumentalaren zati bat ikusi zuten lehenik —
Jaiak, eraldaketa sozialerako tresna—, eta ondoren solasaldia izan zen piraten bi ordezkarirekin.
Donostiarren esperientzia «eredugarritzat» dute Topaguneko kideek. «Guk sortu nahi duguna ere alternatiba bat da. Indarrean dauden sanferminekiko alternatiba bat. Eredu bezala dugu Donostiako piraten esperientzia, eta gertutik ezagutu nahi izan dugu». Kontraesanak, zalantzak, asmoak… guztiak konpartitu zituzten piratekin.
Eta balorazioa «ezin positiboagoa». Irakaspen garrantzitsu batzuk jaso dituzte: «Garrantzitsuena gauzak dauzkagun nahi eta gogoetatik egitea da, ez behartuta», adierazi dute.
Bide beretik, «oinarriak hasieratik ondo finkatua egotea eta hauek etengabe sustatzea» komeni dela ondorioztatu zuten bilkura horretan.
Azkenik, egituraketari buruz ere argitu zituzten zalantzak: «Mugimendu horizontalaren garrantzia eta mundu guztiak bere iritzia emateko espazioak sortzea».
Antxoko kultur etxean, Topaguneko kideak, Donostiako piratekin solasean
Jaiak, baloreak sustatzeko
Topaguneak bultzatu nahi duen jai ereduak hiru ardatz nagusi ditu: parte hartzea, parekidetasuna, eta euskara. Balore horiek bistaratzeko gunea izango da aurtengo sanferminetan Topagunea: «Ikusten genuen gune fisikoa edukitzeak baduela garrantzia, modu batera edo bestera balore horiek ikustarazteko. Baina egitarauak ez du zertan gune horretan zentratu behar. Gune hori izango da aitzakia gero herrira zabaltzeko», azaldu du Etxeberriak.
Txosna non jarriko duten oraindik ez dute erabaki, eta egitarauarekin orain dira hastekoak. Erabaki batzuk, edonola ere, aurrez hartuak dituzte: «Musika, ez ehuneko ehunean, baina bai neurri handi batean euskaraz izatea», adibidez, «beste gune askotan hori ez delako ematen».
Jaiak jendartearen eraldaketarako balia daitezkeela uste du Topaguneak
Proiektuaren oinarriak ondo finkatu nahi dituzte, etengabe sustatzeko
Emakumeen presentzia bistaratu nahi dutela ere argi dute, eta «kontzertuetan-eta emakume musikariak entzuteko aukera» sustatuko dute. Horrez gain, erasorik gabeko gunea sustatu nahi dute, «non jendeak parranda egin dezakeen lasai».
Argi dute baita ere ez dutela gau girora mugatu nahi. Egunez ere zabaldu nahi dute txosna, eta gauzak programatu adin tarte ezberdinengana iristeko, beren eskaintza gazte jendeari mugatu gabe. «Zabala izan nahi du alde horretatik ere», iragarri du Altxuk.
Parte hartzeari dagokionez, azkenik, erabaki batzuk ere hartu dituzte. Ekitaldi gehienetan herritarrak hartzaile huts izatetik protagonista izatera pasatzea. Horixe asmoa. «Herritarrak subjektu aktiboagoak bilakatu». Sukaldaritza lehiaketak, playback-a, herri kirolak… Ideiak ez zaizkie falta.
Partaidetza handituz
Iaz hiru eragile hasi ziren Topagunea gorpuzten, baina ikasturtean zehar egitasmoa zabaltzen joan da apurka, eta handituz: «Iaz gaztetxea parte zen, baina bere gune propioa zuen, eta egitaraua bateratu bagenuen ere, bi gunetan aritu ginen lanean», gogoratu du Etxeberriak.
Aurten, baina, gaztetxearen itxiera dela eta, ez da izango Axular plazako lokala sanferminetan erabiltzerik, eta gazte asanbladak Topagunea indartzeko apustua egina du dagoeneko.
Baina gaztetxea soilik ez. Aurten erabat irekiak izan dira Topaguneak egin dituen bilera guztiak, guztiz publikoak, eta bileretako aktak interesa azaldu duten guztiei helarazi dizkietela azaldu dute Etxeberriak eta Altxuk.
Eta ez soilik eragileei, baita norbanakoei ere. Horregatik, besteak beste, txosnan bilduko den dirua ez da eragileentzat izango. Etekin guztiak, jaietan inbertituko dituzte bueltan.
Hiru harmaila baino ez dira geratzen uztailaren 7ra iristeko, eta lan mardula aurretik. Egitarauan jarri behar dute hemendik aurrera indarra, eta maiatzaren 5ean eta ekainaren 6an zerbait programatuko dutela ziurra da. Bien bitartean, badute zeregina, atzerako kontaketak aurrera jarraitzen du eta.
TOPAgunea, txosna bat baino gehiago
«Txosna bakar bat izatetik harago, gune bat izan nahi dugu, eta bide horretan,
TOPAgunea izena jarri diogu guneari. Herritar ezberdinen topaleku izatea nahi
dugulako eta elkarrekin topa egingo dugulako».
Hala aurkeztu zuen iaz txosna batzordeak Topagunea. Topalekua izan nahi du Topaguneak, topa egiteko gunea, elkarrekin ospatzeko eta jendarte eraldaketan eragiteko.
Artisau garagardoak toki berezia izango du V. Antxoberfesten
Herritar boluntarioek ateratzen dute urtero aurrera garagardo azoka
Garagardo festa antolatzen du urtero Antxoko Jai Batzordeak, Antxoberfest, jaien finantzazioa lagundu asmoz. Herriko elkarte eta norbanako boluntarioek egindako lan eskergari esker, Antxon kalitate handieneko garagardoez gozatzeko aukera izaten da urtero, kultur egitarau paralelo aberatsarekin.
Aurten maiatzaren 12an, 13an eta 14ean izango da garagardo azoka, eta antolatzaileak oraindik egitaraua egituratzen ari diren arren, bada gauza batzuk aurreratzerik. American Crazy Cars-ekoen urteroko auto erakusketa ikusgarria izango da, eta Oliteko Moto Group Caballeros taldekoen bisita; Tajón Prieto y Los Kuajolotes taldea, elektro txufla, DJak… Nola gozatu ez da faltako garagardoa edan eta halakoetan derrigorrezkoak diren jakiak dastatu bitartean.
Kuadrillen arteko lehia
Artisau garagardoen lehiaketa ere izango da azoka bitartean, Antxoko kuadrillen artekoa, eta txapelketa horretara begira, tailerra antolatuko dute aurrez Antxoberfesten arduradunek, Armonia elkartean. Datorren larunbatean izango da ikastaroa (hilaren 16an), goizean,
lupulu.com tadeko kideen laguntzaz.
Garagardo azoka baino astebete lehenago, berriz, tokiko garagardo artisauaren ekoizleen eskutik erakusketa eta dastaketa izango dira. Maiatzaren 7an izango da hori, larunbata.