Hiri altzarien berritze, zainketa eta mantentze lanerako udal plangintza eskatu du PSE-EEk
Hiri altzarien egoerarekin kexu da alderdi sozialista, eta alkateari, horiek berritu, mantendu eta zaintzeko legealdiko udal plangintza egiteko eskatu dio.
Hiri altzarien egoerarekin kexu da alderdi sozialista, eta alkateari, horiek berritu, mantendu eta zaintzeko legealdiko udal plangintza egiteko eskatu dio. Hiri altzariak “egoera duinean” izatea behar estetikotik harago, herritarrei emandako zerbitzuen kalitatean eragiten duela esan du Jose Angel Rodriguez alderdi sozialistaren bozeramaileak, “erabileran eta garbitasunean eragiten du, eta udalerria hobetzen du”.
Plangintza hori auzoz auzo egiteko eskatu du gainera eta hura egiteko beharrezko diru zatia aurreikusteko ere, “kontuan izan beharko lirateke gainera eragileen, bizilagunen eta alderdi politiko guztien ekarpenak”. Plangintzak lanpostuak sortzeko balio dezake alderdi sozialistaren arabera, “Ogasun batzordean jakinarazi zutenez, 2015 urtea diruzaintza soberakinarekin itxi du udalak”.