Udalekuetan begirale izan nahi duenak, maiatzean eman dezake izena Pasaian
Pasaiako Udalaren Gazteria eta Kirol Departamentuak uztailerako antolatu dituen udaleku irekietan begirale izan nahi dutenek maiatzaren 2tik aurrera eman behar dute izena. Maiatzaren 11n izango da izena emateko azken eguna.
Udalak aurreratu duenez, hautaketa-prozesu honen ondorioz sortuko den zerrenda beste egitarau edo behar batzuetarako erabili ahal izango dute.
Baldintzak
Izena emateko eskaera orriak Gazteria eta Kirol Departamentuan, edota
udalaren webgunean eskura daitezke; eta entrega ere Gazteria Departamentuan egingo da.
Hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko 18 urtetik gora izatea eta euskaraz jakitea derrigorrezkoa da.
Formazioa eta lan esperientzia baloratuko dituzte, eta horrez gain, hautagaiek elkarrizketa bat egin beharko dute, maiatzaren 13an, 18:00etan, Trintxerpeko Udal Euskaltegian. Hautagai asko baleude, baliteke frogak hurrengo goizera arte ere luzatzea, hau da, hautagaietako batzuk maiatzaren 14an goizean elkarrizketatzea.
Hautatuek oinarrizko prestakuntza ikastaro batean hartu beharko dute. Nahitaezkoa izango da ikastaroan parte hartzea. Ikastaroa ekainaren 3an eta 4an egingo da. Ostiralean 17:00etatik 20:30era, eta larunbatean 9:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.