Jarduera Fisikoa eta Kirol Aholku Kontseilua sortzeko proposamena erregistratu du gaur koalizio abertzaleak.
EH Bilduko Migel Mari Torrea eta Mikel Garcia Peñil, proposamena erregistratzeko unean
Udal gobernuak kirol patronatua desegitekoa asmoa duela jakinarazi du EH Bilduk. Bat etorri da koalizio abertzaleak desegitearekin, «patronatua aspalditik ez delako funtzionala, eta deitu ere ez delako egin azken urtean».
Kirol patronatuak, baina, ordezko bat behar duela iritzi dio EH Bilduk, Pasaian, kirolaren alorrean lan egiten duten talde, elkarte eta eragilek bat egin eta koordinatzeko. Horregatik proposamen bat landu eta berau erregistratu dute gaur goizean udaletxean.
EH Bilduko zinegotzi Migel Mari Torreak eta Mikel Garcia Peñilek azaldu dute proposamenaren nondik norakoak, erregistratu aurretik. Azaldu dutenez, atzo bertan, kirol eragileei aurkeztu zieten proposamen bera, eta oso harrera ona izan duela baieztatu dute.
Lehiatik haragokoa
EH Bilduk gobernuan zela ekin zion kirol departamentua berritzeari, aurreko agintaldian. Kirola eta gazteria departamentuak banatu zituen orduan, kirolak berezko departamentua behar zuela iritzita. Torrearen eta Peñilen arabera, alor honetan, udal gobernu berria «noraezean» ibili da azken urtean. Jakinarazi dutenez, kirola eta gazteria berriro batzea erabaki zuten PSE-EEk eta EAJk agintaldiaren hasieran, eta orain, berriz ere, banatzea erabaki omen dute.
EH Bilduk, bere aldetik, bi departamentuak bereiztea ez ezik, patronatuaren ordez jarduera fisiko eta kirol aholku batzordea sortzea proposatu du, «kirola, lehiatik harago, pertsonaren garapenerako jarduera osasungarria eta ezinbestekoa» dela uste dutelako.
Oposizio eraikitzailea
Beren proposamena irekia dela nabarmendu dute, era berean, Torreak eta Garcia Peñilek, eta gainontzeko talde politiko guztiei helaraziko dietela jakinarazi dute, “denon artean proposamena eztabaidatu eta fintzeko”. Gobernu taldeak bere iniziatibaren berri baduela zehaztu dute baita ere.
EH Bilduk gogorarazi du “oposizio eraikitzailea” egin asmo dutela, eta kirol departamentua berritzeko proposamena norabide horretan urrats bat gehiago dela.