Orereta Ikastolak 'Bizikidetzarako zubiak eraikiz' egitasmoa landu, eta kalera aterako du datozen egunetan

‘Gernika’ ikuskizunaren prestaketa lanean, Orereta Ikastolako kideak. Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press
Gipuzkoako Hitzan gaur publikatutako erreportajea da honakoa
Zubiak erabiltzeko dira. Lehenik eraiki, gero erabiltzeko. Errenteriako Orereta ikastolak bizikidetzaren gaia lantzeko iniziatiba hartu du, hainbat adarretatik zubiak eraikiz: ikastetxearen barruan, herrian, Ipar Euskal Herriko ikastolekin eta munduan bonbardaketak jasan dituzten herrialde, herri eta hiriekin. Zubi horien bi aldeetan, mezu komunak: bizikidetza, giza eskubideak, bakea, elkar ezagutza eta elkarlana. Horri guztiari hilaren 24tik 26ra Errenterian egingo diren hiru ekitaldiren bitartez emango diote forma,
Bizikidetzarako zubiak eraikiz izenburupean.
Bizikidetzaren mezua zabaltzeko hautua ikastolan bertan sortu zen, irakasle talde batek proposatuta. Lehenik, barrura begira, hezkuntza komunitatea saretuz, eta baita kanpora so eginda ere. Gaia lantzeko asmoa indarrez hartu zuten Errenteriako hezkuntza zentroan: “Guk, askotan, ikastolaren barruan gure apaltasunean lantzen ditugun hainbat balio kaleratzeko joera dugu. Oraingoan ere hala da. Gure balioen artean daude elkarbizitza eta besteenganako zubiak eraikitzea”. Egoitz Verdugok esandakoak dira horiek. Orereta ikastolako zuzendari pedagogikoaren ustez, ikastetxeek ere ekarpena egin behar diete euskal gizartean azken urteetan izaten ari diren mugimendu eta aldaketei, eta ildo horretan urratsak egiteko prest daude.
Errenteriara bakarrik ez. Ikastolaren lanketaren eragina Euskal Herrira eta nazioartera zabaldu nahi dute. Kontuan hartuz egitasmoa lehenik eta behin ikastolaren hezkuntza komunitatean eragiteko asmoz sortu zutela, Euskal Herriko ikastola guztien artean hezkuntza komunitate askoz zabalagoa eta pluralagoa badagoela uste du Verdugok. “Hor ere eragin nahi genuen, lankidetza hitzarmen batzuen bitartez”.
Beste errealitate bat
Errenteriatik autoz ordu laurdenera daude Ziburu, Hendaia eta Biriatu. Ikastola bana dute Lapurdiko hiru herri horietan: Kaskarotenea, Gure Ikastola eta Biriatuko Ikastola, hurrenez hurren. Hurbil izan arren, “beste errealitate bat” dutela nabarmena da, Orereta ikastolako kideentzat. “Ondoan ditugu; oso auzokoak ditugun ikastolak dira, azkenaldian asko entzun ditugu haien izenak, baina beste errealitate ezberdin batean bizi dira. Hurbil daude, baina ez ditugu asko ezagutzen”.
Hortaz, Errenteriako hezkuntza zentroak eta Lapurdikoek hilaren 24an sinatuko dute hitzarmena, eta haren xedea da elkar ezagutzea, elkar ematea, eta ikastea. Etorkizunari elkarrekin aurre egitea: “Gure ikastola handia da. Beharbada, muskulu handikoak gara, baina nerbio gutxikoak. Beste aldetik, Lapurdikoek, beharbada, muskulu txikiago dute, baina sekulako nerbioa. Batzuek besteekin ikastea da gure asmoa, eta horren abiapuntua da hitzarmena”. Hainbat esparrutara zabalduko dute izenpetuko dutena; besteak beste, horretarako mahai iraunkor bat sortuz.
Baina lankidetza laukote horretan ez dela geldituko ziur daude Orereta ikastolan: “Badaude elkarbizitzaren alorrean edo hizkuntza gutxituen eremuan gureen antzeko arazoak dituzten ikastetxeak Europan. Zergatik ez etorkizunean beste pauso batzuk eman”.
‘Gernika’ ikuskizuna
Hilaren 26an, egitasmoaren barruan,
Gernika ikuskizuna egingo dute Orereta ikastolako ikasleek, gurasoek eta errenteriarrek, oro har. Hori aurrera eramateko, mardul lan egin dute herritarrek, tailer, entsegu eta eskola saio eta guzti.
Herria astinduko dute. Asmoa baita herriko zazpi plazatan historian aire erasoak jasan dituzten beste hainbeste herrialderi, herriri edo hiriri aitortza egitea: Libia, Arrif (Maroko), Dresden (Alemania), Vietnam, Hiroshima eta Nagasaki (Japonia), Gernika eta Durango dira zazpi eremu horiek.
Verdugok jakinarazi du ekitaldiak
Gernika izena duela Euskal Herrian aire bonbardaketak izan zituztenen artean ezagunena delako, baina “zoritxarrez” Gernikakoa ez zen izan aire erasoa jasan zuen lehen herria, ezta azkena ere. “Gure nahia ez zen bereziki Gernika omentzea, badaudelako antzeko egoerak jasan dituzten beste herri asko”.
Egitaraua
Bizikidetzarako Zubiak Eraikiz egitasmoaren barruan, kalera begirako hiru ekitaldi antolatu ditu Orereta ikastolak. Honako hauek dira:
- Hilaren 24a, igandea. Hitzarmena. 12:00etan, Errenteriako Niessen kulturgunean, Orereta ikastolak, Kaskarotenea ikastolak (Ziburu), Gure Ikastolak (Hendaia) eta Biriatuko ikastolak lankidetza hitzarmena sinatuko dute. Ikastolen Elkarteko eta Seaskako kideak ere egongo dira.
- Hilaren 25a, astelehena. Mahai ingurua. 19:00etan, Errenteriako Reina aretoan, Eman bidea bizikidetzari izenburupean mahai inguru bat egingo dute. Hiru elkarrizketa publiko egingo ditu Xabier Oleaga kazetari errenteriarrak; Joseba Tapiak eta Arkaitz Minerrek musika saioa egingo dute, eta, jarduera bukatzeko, omenaldien txanda iritsiko da.
- Hilaren 26a, asteartea. Gernika ikuskizuna. 15:00etan, Errenteriako zazpi plazatan saioak egingo dituzte Orereta Ikastolako ikasleek eta herritarrek, bonbardatutako zazpi hiri, herri eta herrialde irudikatuz eta aitortuz plaza bakoitzean. 20:30ean, Koldo Mitxelena plazan, Andra Mari eta Landarbaso Abesbatzen, Errenteriako Musika Bandaren eta Kukai Dantzaren saioa.
Errenteria, elkarbizitza eta bake eredu
Orereta ikastolak elkarbizitzaren gainean egindako gogoeta testuinguru orokorrago batean jarri behar da. Errenteria 2013tik ari da herrian izan diren giza eskubideen urraketen gaineko gogoeta partekatua egiten, aitortzan, errespetuan eta memoria guztiak aintzat hartu eta bizikidetzan aurrera egiteko baliagarria izango den eredua lantzen. Hala, Errenteriako eragile nagusietakoa den heinean, Orereta ikastolak bide horrekin bat egin nahi du.
Herrian bakegintzan egin diren urratsik handienen artean daude 2013ko hasierako Eraikiz zinema zikloa eta 2015eko azaroan aurkeztutako
Memoria partekatu baterantz dokumentua —motibazio politikoko indarkeria kasuak jasotzen ditu azken horrek—.