Maiatzaren Lehenaren harira hiru mobilizazio egingo ditu LAB sindikatuak Oarso Bidasoan
Maiatzaren Leheneko LABen manifestazio bat Errenteria-Oreretan (artxiboko irudia da)
Oarso Bidasoko LABek lan prekarietatearen kontrako aldarria kaleetara aterako du Maiatzaren Lehenaren mobilizazioak baliatuz. Oarso Bidasoan, zehazki, hiru mobilizaziotan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Honakoak:
- Bihar (osteguna) 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Pasai Antxoko Renferen geltokiaren parean Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du leloarekin. Aurretik, 09:00etatik 11:30era, bi eskualdeetako delegatuen batzarra egingo dute Antxon bertan.
- Etzi (larunbata), Maiatzaren Lehenaren bezpera eta Errenteria-Oreretako Sagardo Eguna dela baliatuz, 12:00etan eta Foru plazan langile klasearen aldeko ekitaldia egingo dute.
- Igandean, Maiatzaren Lehenean, 12:30ean Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko den manifestaziora atxikitzeko eskatu diete Oarso Bidasoko biztanleei.
Sindikatu abertzaleak esan duenez, euren asmoa da “eskubide sozialen eta kan eskubideen likidazioaren kontrako borrokan” jarraitzea, eta horretarako “arazoen muinera” jo nahi dute. Arazo horiek, sindikatuaren ustez, honakoak dira: “Lan baldintza eta eskubideen prekarizazioan oinarritzen den lan mundua, herritarrak babesik gabe uzten dituen eredu soziala eta herriari erabakitzeko eskubidea lapurtu dion eredu politikoa”.
Horretarako, egungo errealitatea “irauli” behar dela uste du LABek, “alternatiben eraikuntzan aurrera egin ahal izateko”, eta horren arabera antolatzen ari dela azaldu du sindikatu subiranistak. Krisi soziala eta prekarietatea “lehen mailako arazo bihurtu” nahi ditu, “agenda politiko-instituzionalaren erdian” jarriz.
Hartara, Langileok martxan,
EskuBIDEAK aktiBATUZ lelo-hitz jokoa erabili dute Maiatzaren Lehena irudikatzeko.