Feder funtsari egindako diru laguntza eskaera zertan den jakin nahi du Jose Angel Sanchez Ogasun eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak
Jose Angel Sanchez (PSE-EE)
Lezoko Udaleko Ogasun eta Sustapen Ekonomikorako zinegotzi Jose Angel Sanchez (PSE-EE) Bruselara joatekoa da aste honetan, udalak Europako Batasunari egin zion diru laguntza eskaera zertan den zuzenean jakiteko. Udalak, Espainiako Ogasun Ministerioaren bitartez 3,8 milioi euroko laguntza eskatu zion Batasunari, hainbat inbertsio finantzatzeko Feder funtsaren bidez.
Feder diru laguntzen bitartez 3,8 milioi horien %50 finantza dezake Europak, horrela dago hitzartuta funtsaren banaketarako oinarrietan.
Besteak beste diruz laguntzea eskatu diren egitasmoetako bi dira Lezo-Donibane arteko espaloia zabaltzeko eta bidegorria egiteko lanak, eta Altamirako biribilgunean segurtasuna handitzeko lanak., Bi horiek orotara hiru milioi euroko inbertsioa eskatzen dute.
Sanchezek esan duenez, “nahiz eta udala nahasmen egoeran egon alkatearen nahiz Hirigintza zinegotziaren dimisioagatik”, PSE-EEk lanean jarraitu du herrirako laguntzak biltzeko bidean, “horrela adierazi genuen hauteskunde programan. Ate guztiak joko ditut herriaren alde”.