Nahikari Otermin, portuko plan bereziaren gaineko azalpenetan
Foru Aldundiak Portuko Plan Bereziari lehen onespena eman zion atzo. Gaiak hautsak harrotu ditu orain baino lehen, eta atzo ere, ohiko plenoan, eztabaida piztu zuen.
EH Bilduren zinegotzi Oihane Oronozen galderari erantzunez eman zuen gaiaren berri hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek. Aurreratu zuenez, diputazioak planari hasierako onarpena emanda, orain alegazioetarako epea zabalik da.
Diputazioak “informazio eta partekatze prozesu bat” martxan jarriko duela iragarri zuen baita ere Nahikari Oterminek. Maiatzaren 4ean egingo dute lehen saioa, Trintxerpeko alkateordetzan, eta beste bi saio ere egingo dituzte, maiatzaren 11n eta 17an hurrenez hurren. Herriko elkarte eta eragileak gonbidatu dituzte aipatu saioetara, baita Portuko enpresak ere. Saioetan, baina, bi talde osatuko dituztela iragarri zuen Oterminek, bi taldeek “oso bestelako interesak” dituztela defendatuta.
Partekatze saioak, baina, ez dira erabat irekiak izango, Oterminek azaldu zuenez, saioak dinamizatuko dituen enpresak hala aholkatuta, eta saioak “operatiboagoak” izateko helburuz.
Argudioak, baina, ez ziren oposizioaren gustukoak izan, eta EH Bilduk gardentasun eza eta herritarren partaidetza oztopatzea leporatu zion gobernu taldeari.
Toporako bidea
Eusko Jaurlaritzak eta Portu Agintaritzan Herrerako toporako bidea berritzeko hitzartu duten akordioaz ere hitz egin zuten plenoan.
Oterminek azaldu zuenez, akordioak “ez du ezertan udala konprometitzen”, baina ez zuen argitu inguruko zona berdeen mantenuaz zein arduratuko den.
Ingurua biziberritzeko lanak epe laburrean hasiko dituztela ere esan zuen Oterminek, baina ez zuen data zehazterik izan.
Herrera Herrira
Gai hauekin kezkatuta, Herrera Herrira Plataformak topagunea deitu du larunbaterako. 10:00erako deitu dute bilera, Trintxerpeko alkateordetzan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.