Diru laguntza lerro berria zabaldu du udalak lantegietan euskara planak martan jartzea helburu duena.
Garazi Lopez Etxezarreta
Hizkuntza Politika arloko diru laguntza deialdia zabalik dela jakinarazi du gaur Garazi Lopez Etxezarreta Euskara zinegotziak, eta horien gaineko xehetasunak eskaini ditu agerraldian. Sei diru laguntza lerro dituela udalak esan du eta aurten bi berrikuntza izango direla. Lehenak euskara ikasten ari direnei eragingo die, izan ere, eskolen aprobetxamendua egiten duten ikasleek eta asistentzia bermatzen dutenei, matrikularen %50 itzuliko die udalak, “aurreko urtera arte %25 itzultzen genien beka sistemaren bidez”. Bikoitzu egin da beraz beka sistemaren bidez ikasleek jasoko duten laguntza eta horretarako, 2015 zegoen 45.000 euroko diru zatia %44 handitu du udalak, “aurten beraz, 65.000 euroko diru zatia gorde da euskara ikasleen bekak ordaintzeko”.
Urratsa gainditzen dutenek gainera %30 jasoko dute. Urratsa gaindituta eta asistentzia zein aprobetxamendua bermatzen duten ikasleek matrikularen %80 berreskuratuko dute udalaren beka sistemaren bidez. “Euskara ikastea doakoa izan behar duen aztertzen ari gara, eta doakotasun horren bidean egindako urratsa da honakoa”, esan du Lopez Etxezarretak.
Bigarren berrikuntzak lan munduarekin du zerikusia.Diru laguntza lerro berria zabaldu du udalak lantegietan euskara planak martan jartzea helburu duena. 5.000 euroko diru zatia izango du lerro horrek: “Euskara aholku Kontseiluan aztertzen ari gara lan munduan nola eragin euskararen erabilera zabaltzeko, eta logika horren barruan kokatu behar da lerro berri hori”.
Horiekin batera udalak diruz laguntzen jarraituko ditu errotuluak eta weborriak euskaratzen dituzten saltokiei, 7.000 euroko diru zatia gorde du horretarako. Udako Euskal Unibertsitateak eta EHUk antolatutako udako ikastaroetara joaten direnek ere ahalko dute laguntza eskatu, eta baita euskara zeharlerro duten ikastaroak egiten dituztenek. Azken bi kasu horitean 2.000 euroko partida bana aurreikusi dute.
Azkenik, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko diru laguntzak ere emango ditu Errenteriako Udalak. 4.000 euroko diru zatia aurreikusi du horretarako.
Diru laguntzen gaineko informazio zehatza eta oinarriak Errenteriako
Udalaren webgunean kontsulta daitezke.