38 sagardotegik parte hartuko dute larunbateko festan; gaztetxeak egitarau propioa landu du
XXVIII. Sagardo Egunaren aurkezpena, Arramendiko Herri Sagastian
38 sagardotegik parte hartuko dute XXVIII. Sagardo Egunean, inguruko gehientsuenak, eta baita urrutiagokoak ere.
Asteartean aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia, Arramendiko Herri Sagastian. Elkarte antolatzaileen ordezkariekin batera, sagardogileen ordezkaritza zabala bildu zen aurkezpenera. Baita aurten omendutakoak ere.
Biriatuko sagardotegiko Sebastian Beloki eta Goiko Lastolako Laxaro Etxabek jaso dute aurten antolakuntzak urtero banatzen duen Antton Mendizabalen ikurra.
Horrez gain, zendutako Jon Urruzola Etxabe eta Jose Mari Irizar gogoratu zituzten, haien senideak bertan zirela.
Goiz eta arratsaldez
Antolatzaileek iragarri zutenez, goizean, Foruen Enparantzan (eguraldi txarra egingo balu Esmalterian), Gorena markarenpean ekoizten duten sagardoa dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean, berriz, zumardian, Eusko Label markakoak zein bestelakoak. 18:00etan hasiko da festa arratsaldean, eta 12:00etan goizekoa.
Horrez gian, urtero legez, musika animazioa izango da egun osoan, eta zer jan ere ez da faltako. Ohi bezala txahala erreko dute zumardian, eta talogileak, gozogileak, gaztagileak, eta baserritarrak ere izango dira beren produktuak saltzen.
Gaztetxeak, bestalde, egitarau propioa landu du Sagardo Egunerako. Bazkari autogestionatua, triki poteoa, Aitzol Gogorzaren aldeko argazkia eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste.