"Jokabide kolaboratzaile eta sumisoa" leporatu diote, eta herritarren aurrean azalpenak emateko exijitu
Migel Mari Torrea, Juanra Cano, Obdu Lorenzo eta Oihane Oronoz, gaur, Trintxerpen
“Oso larritzat” jo du gaur Pasaiako EH Bilduk biziberritzearen gaian azken egunotan jazo den guztia, eta gogor salatu dute, guztiaren aurrean Pasaiako Udal Gobernua erakusten ari den jarrera.
“Orain artean, Pasaiako alkateak eta portuan udaleko ordezkari denak ez dute bilerarako edo batzordeko bilkurarako deialdirik egin”, kexatu dira, eta Pasaiako lonja portuko jabari publikokoa dela gogorarazi dute, “San Pedron kokatua, eta San Pedroren eta Pasaiaren biziberritzearen ardatzetako bat”.
Pasaiako alkateak lonjako lanetan antzemandako gainkostua fiskaltzak ikertzearen kontrako botoa eman izana larritzat jo dute, baita isildu izana ere. “Portuko agintari feudalaren aurrean burumakur” agertu izana leporatu diote Izaskun Gomezi.
Berdin Nahikari Oterminen kasuan. Portuko Administrazio Kontseiluan EAJren interesen defentsan ari dela salatu dute, Pasaiako Hirigintza zinegotzi den bitartean, eta Pasaiako Udalaren Plangintzako Aholku Batzordeko presidente den bitartean. “Oraindik ez du dimisioa eman, eta inor ez da lotsagorritzen”, salatu dute.
Plan Bereziaz
Lonjaren aferan nola, hala mintzatu dira EH Bilduko kideak Portuko Plan Bereziaren tramitazioaren gainean.
Datorren asteazkenean Diputazioak kudeatuta abiatuko den prozesu “ustez parte hartzailea” baloratzetik harago, udal gobernuak duen jarrera jo dute larritzat, Pasaiaren kudeaketa “eraikin Transatlantikoan edota diputazioaren esku” uzten ari direlako.
Horrez gain, gogoratu dute udalbatzak onartutako akordio bat badela indarrean Kaiko Herreraren ordenazioaren gainean, eta herritarren erabakiak errespetatzeko eskatu dute beste behin.
Pasaiako EH Bilduren ustez, “Izaskun Gomez eta bere taldea” Pasaiarako “ondorio kaltegarriak ekarriko luketen erabakien konplize” dira, izan ere “kapitalaren hariak mugitzen dituztenen aurrean euren balioa agertzeko Pasaiaren beharrak alboratzen dituzte” bukatu dute.