Pasaiako kaleetan egiten diren hamar elkarrizketetatik bi euskaraz dira. 1991etik, hau da, neurketak egiten direnetik, daturik onena da.

Antxoko Kultur Etxean eman zituzten neurketaren emaitzak
Gora doa euskararen erabilera Pasaiako kaleetan. Soziolinguistika Klusterrak iazko urrian egindako kaleko neurketaren arabera, Pasaian kalean egiten diren elkarrizketen %20,2 dira euskaraz. Aurreko datua, 2012koa, nabarmen hobetzen du horrek: %14,9koa izan zen ordukoa. Atzerago egin diren beste 14 neurketek ere ez dute 2015eko emaitza gainditzen. Asteazkenean aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak, Antxon, 2015eko neurketaren emaitzak. Olatz Altunak eman zituen azalpenak.
Hainbat irakurketa egin daitezke datu horren atzean. Lehena, nabarmenena, euskarak gero eta toki gehiago duela Pasaiako kaleetan. Beste irakurketa bat, epel aztertu beharrekoa: 1991n Pasaiako euskararen erabileraren kale neurketa egin zenean, udalerrian euskaraz zekitenen kopurua %26,9koa zen; 2015ean %38,2koa. Horrek esan nahi du, Pasaian euskaraz dakitenen kopuruaren igoera, eta kaleko erabilerarena ez daudela proportzioan. Hau da, ezagutzak nabarmen egin duela gorago erabilerak baino. 1991n, erabilera %18,9koa izan zen.
Eta gogoeta egiteko beste aldagai bat: udalerriko kaleetan euskaraz gehien egiten dutenak haurrak dira (elkarrizketen ia %40); gazteen artean, erabilerak gora egin duen arren azken urteetan, %17,6an dago: euskara ezagutza mailarik handienetakoa dute gazteek. Helduen kasuan %18,8koa da erabilera (2001etik zortzi puntu hazi da), eta adinekoak dira euskara gutxien hitz egiten dutenak: %8,7.
Barrutiak
2015eko urrian egin zuen kale neurketa Soziolinguistika Klusterrak. Orotara, 10.846 elkarrizketa neurtu zituen udalerriko sei eremutan: Donibanen Bonantza eta Meipi inguruetan; Antxon; Trintxerpen; eta San Pedroko Arrantzaleen Auzo inguruan nahiz Alde Zaharrean.
Barrutikako erabilera: Donibaneko bi eremuetan neurtutako elkarrizketen ia %36 izan dira euskaraz; Antxon %23,5ekoa izan da erabileraren indizea; San Pedroko alde zaharrean %21,6koa, Pobladon edo Arrantzaleen auzoan %9koa, eta Trintxerpen %5,7koa. 2001ean, honakoak ziren datu horiek, zonalde berberetan: Donibaneko Bonantza inguruan %45eko erabilera izan zen, eta Meipin %31koa; Antxon %10koa izan zen erabilera, %4koa Trintxerpen, eta San Pedroko Pobladon %5ekoa eta alde zaharrean %21,6koa. Hortaz, azken urteetan, barruti guztietan egin du gora erabilerak Donibaneko Bonantza aldean izan ezik.
Datu gehiago. Emakumeek gizonek baino zertxobait gehiago hitz egiten dute kalean euskaraz (%21,6, gizonen %18,7aren aldean); helduak bakarrik daudenean, euren arteko elkarrizketen %10 dira euskaraz, baina helduek eta haurrek osatutako taldeetan %39,4raino igotzen da erabilera. Haurrek, euren artean, hamar elkarrizketatik lau dituzte euskaraz.
Espero daitekeena, eta inguruko datuak
Jose Luis Alvarez Enparantza
Txillardegi-k sortutako formula matematiko baten arabera, euskararen ezagutzaren eta horrek elkarrizketa taldeetan duen eraginaren araberako datua lor daiteke. Hala, Pasaiako datuak aplikatuz, udalerrian espero zitekeen erabilera maila %10,3koa da: hortaz, espero daitekeenaren bikoitza da hizkuntzaren erabilera udalerrian.
Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak, alderaketa egiteko inguruko hainbat datu erabili ditu. Hala, euskararen erabilera orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan %16,1ekoa da; Euskal Herrian %13,3koa; Gipuzkoan %32,7koa, eta Donostialdean %20,3koa. Pasaian %20,2koa da.