Urko Otegi: "Gipuzkoa Basketekin betetzen ari naiz etxean jokatzeko ametsa"
Gipuzkoa Basketen amaituko du denboraldia jokalari antxotarrak. Palentziarekin ACB Ligara igo berri den Gipuzkoako azken garaiko jokalari onenetakoak, etxean jokatzeko ametsa bete du.
Edozein gazterentzat ametsa da bere etxeko taldean jokatzea» «Une honetan momentu oso zaila bizitzen ari gara Gipuzkoa Basketen» «Zaleen babesa sentitzen dugu eta espero dugu horrela jarraitzea»Kirol gutxi batzuk izaten dute jarraitzaile gehien, futbola kasu. Saskibaloian nola zabiltzate zaleekin, babes nahikoa sentitzen duzue? Bai, sentitzen dugu zaleen babes hori. Une honetan momentu oso zaila bizitzen ari gara Gipuzkoa Basketen, eta agian horregatik jende guxtiago etortzen da kantxara. Halako egoeretan gertatu ohi da. Baina etortzen direnen babesa sentitzen dugu, eta espero dugu horrela jarraitzea. Palentziarekin igo zara ACB Ligara. Diru asko behar da bertan jokatzeko, lortuko al du finantzazioa maila horretan jokatu ahal izateko? Azkenengo urteetan gertatzen ari diren kasuei erreparatuta, egia da diru asko behar dela ACB Ligan jokatzeko. Palentziak zaila du diru kopuru handi hori lortzea. Bere asmoa ACB Ligak jartzen dituen baldintzak aldatzen saiatzea da, azken urte hauetan ACB Ligara igo diren taldeen artetik ia inork ez dituelako bete baldintza horiek. Horretan lanean ari dira, baldintza horiek lortzen saitzen, alegia. Zenbateko diru kopuruaz ari gara? ACB Ligan inoiz ez baduzu jokatu zazpi miloi euro inguruz ari gara hitz egiten. Baina ez da hori bakarrik, jokatzen duzun pabilioiak, gainera, 5.000 ikusleentzako aforoa izan behar du. Palentzian ez dago halako azpiegiturarik, eta horrek, daudenak berritzea suposatuko luke. Dagoen pabilioia erreformatu edo Palentziako zezen plazari kupula jartzea lirateke aukerak. Batek zein besteak, dirutza bat suposatzen dute. Beraiek esan dute lan egingo dutela eta saiatuko direla lortzen, baina jakin badakite gaur egun jartzen dituzten baldintzak oso zailak direla lortzen. 35 urte dituzu… Ez, barkatu, oraindik 34 urte ditut [barre egin du], abuztuan egingo ditut 35. Mugarik jarri al diozu zure buruari saskibaloian jokatzen jarraitzeko? Egia esanda, ez, ez diot mugarik jarri nire buruari saskibaloian jokatzeari uzteko. Nire mugak arlo fisikoak jarriko dizkit, edota mentalak. Hau da, nire muga izango da fisikoki gaizki sentitzea, edo ACBk nahiz LEB Ligak eskatzen duten mailara ez iristea. Eta muga mentala izango da saskibaloiaz ez gozatzea. Bigarren hori iristea zaila izango dela dirudi. Bai, hala da, zaila iruditzen zait saskibaloian jokatzen ez gozatzea. Baina uste dut adin bat duzunean eta fisikoak ez dizunean jokoa egiten ere, ez duzula hainbeste gozatzen egiten duzun horretaz. Normalean saskibaloi jokalariak 36 urterekin erretiratzen dira. Baina beno, LEB Ligan badira 37 eta 38 urteko jokalariak ere, jarraitzen dute jokatzen muga hori pasata. Fisikoak laguntzen didan bitartean jokatzen jarraitzeko asmoa dut, eta momentuz laguntzen dit. Palentzian izan zara jokatzen, Donostian orain. Aurretik Menorcan aritu zinen eta bertan duzu familia. Nola ezkontzen da bizitza profesionala eta familiarra? Emaztea Menorcakoa da, eta bertan jokatzen ari nintzela jaio zen semea. Menorcako taldea desgertu egin zen eta Palentziarekin fitxatu nuen. Valladoliden jaio zen alaba. Nirekin batera izan dira hirurak Palentzian urte hauetan. Seme-alabak txikiak dira, badakite Menorcakoak direla eta han daudela amaren aldetik aiton-amonak, baina badakite ere ni hemengoa naizela eta hemen dituztela nire aldetik aiton-amonak. Oraindik txikiak dira, eguneroko errutina egiten dute. Fitxaketa hau ezberdina izan da, eskolatik atera behar izan ditugu nirekin ekartzeko. Alaba hemengo haurtzaindegi batean sartuko dugu orain, bi urte dituelako. Semeak, berriz, bost urte ditu, etxean egingo ditugu eskolako lanak, beretzat zailagoa delako asumitzea, agian, lagun berriak egitea, ikastetxe berri batean hastea… Kirolari profesionalei asko gertatzen zaigun egoera da, bai futbolean, bai saskibaloian edo eskubaloian ere, halako egoerak ohikoak dira.
Egia esan ez diot mugarik jarri nire buruari saskibaloian jokatzeari uzteko» «Guk egin behar duguna da lanean jarraitu, sailkapenari begiratu gabe» «Partido oso zaila dugu igandekoa Laboral Kutxaren kontra»Egoera delikatuan harrapatu duzu Gipuzkoa Basket. Bost partidaren faltan jaitsieraren arriskua nabarmena da. Aukerarik ikusten duzu ez jaisteko? Egoera oso larrian gaude, hiru partidako aldea dugu aurretik sailkatutako taldearekin, eta bost partida gelditzen zaizkigu jokatzeko. Guk egin behar duguna da lanean jarraitu, sailkapenari begiratu gabe. Sailkapenari begiratzeak baldintzatu egiten gaitu jokoan, alaitasuna kentzen digu, baikortasuna… sailkapena ikusita dena negatiboa izango litzateke. Ni etorri naiz jendea animatzera, nire lana egitera, eta laguntzera, ahal dudan neurrian. Saiatu behar dugu partida bat lehenbailehen irabazten, horrek emango digulako beste ikuspuntu bat eta indarra. Nolakoa da Urko Otegi kantxan. Zein ekarpen egingo diozu taldeari? Lehen esan dudan bezala, oso berandu hasi nintzen saskibaloian, eta agian horregatik ez daukat beste jokalari askok duten talentua, baina badaukat sakrifizio hori defentsan, errebotean… Dudan mobilidadea aurrean jarri eta uste dut taldeko jokalari bat naizela, taldearen parte naiz eta dudan guztia ematen dut taldearen alde lan egiteko. Hurrengo denboraldian ateak zabalik dituzula esan du Palentziak. Argi duzu hara itzuliko zarela? Orain hemen nago Donostian, Gipuzkoa Basketen buru-belarri lanean, eta hemen bukatzen dudanean udara hasiko da eta horrekin batera hasiko dira deiak eta. Egia esan, azken lau urteak Palentzian eman ditut, baina orain ere hemen nago eta ikusi beharko dugu, beraz, nola bukatzen den gauza. Laboral Kutxarekin nor baino nor ariko zarete kantxan etzi. Beraiek laugarren dira sailkapen nagusian, Euroligako Final Fourrean daude… Zer espero duzue partida horretatik? Partido oso zaila izango dela. Egundoko saskibaloia egiten ari dira, oso erregularra, Euroligan oso maila handia ematen ari dira, eta merezimendu guztiz sartu dira Final Fourrean. Esan dudan bezala, guk gure lana egin behar dugu, gure sentsazioak berreskuratu behar ditugu, eta partida zaila izango dela ukatu gabe, esan beharra dago ere, inoiz ez dakizula zer gerta daitekeen. Gu saiatuko gara partida horretan dena ematen, eta irabaztzeko gai bagara, bada primeran.

