Pasaiako EH Bilduk jarri du martxan iniziatiba "gertuko eremuan eraldaketari ekin" asmoz.
Antxoko EH Bilduko kideak, Alternatiben Faktoria aurkezten, Biteri plazan
“Aldaketa handiak hurbileko aldaketa txikietatik hasten direla” iritzita, Alternatiben Faktoria martxan jarri du Antxoko EH Bilduk.
Zehaztu dutenez, ” ezkerreko independentista eta soberanistak elkarlanean aritzea” dute xede, “gertuko eremuan eraldaketari ekin” ahal izateko.
Horretarako Antxoko “sareak trinkotu” nahi dituzte, eta Antxoko EH Bildu “erakunde gardena eta parte hartzailea” izan dadin bermatu. “Herrikide aktiboak izan nahi ditugu, etengabeko solasaldian, hausnarketa eta jardunean”, aurreratu dute.
Alternatiben Faktorian zenbait gai landuko dituzte “solsaldi aske eta irekietan” eta egunerokotasunean isla izan behar duten ekimenak bultzatuko dituztela aurreratu dute, “ekimen eraldatzaileak eta gauzagarriak”.
“Orain eta hemen sistema hau irauliko duten alternatibak eraiki” daitezkela uste dute Antxoko EH Bilduko kideek, “Antxo anitza eta euskalduna; Antxo solidarioa; Antxo langilea, feminista, eta ekologista”.
Hilaren 19an emango diote hasiera Alternatiben Faktoriari, 19:00etan, Basari Elkartean antolatu dute solasaldiarekin. Biziberritzearen gaineko solasaldia izango da, eta Antxoko kezkak eta erronkak aztertuko dituztela aurreratu dute. Deialdia irekia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek eta gaiarekin interesa duen edonori parte hartzeko gonbidapena luzatu diote.