Daturik txarrena, aldiz, txatarrak eman du, Arcellor Mittalen itxieraren ondorioz
Aurtengo kanpainan arrantzaleak antxoa asko harrapatzen ari dira.
2016ko apirilean salgaien trafikoa Pasaiako Portuan aurreko urtekoaren antzekoa izan da, %0,6ko hazkunde arin batekin. Edonola ere, urteko lehenengo lau hilabeteetako trafiko metatua, 2015koaren azpitik jarraitzen du, %5,8ko jaitsierarekin.
Apirilean, daturik baikorrena arrantzak eman du. Hiru milioi kilo arrain baino gehiago saldu dira lonjan, iazko kopurua bikoitza gaindituz, batez ere, antxoaren kanpainarengatik. Aurten antxoaren kanpainan 1.389.000 kilo saldu dituzte; iaz, berriz, 361.000 kilo. Harrapaketen zenbatekoari erreparatuta, ostiralean itsasora ez irtetea erabaki dute arrantzaleek.
Produktu siderurgikoen trafikoari erreparatuta, berriz, datuak ez dira hain onak. Apirilean mugitutako 304.000 tonetatik erdia baino gehiago, zehazki 168.000 tona, produktu siderurgikoak izan dira. Iazko apirilean, berriz, 101.000 tona izan ziren. Portu Agintaritzaren arabera, inportazioek eragin dute hazkundea. Aitzitik, txatarraren garraioa, nabarmen jaitsi da Zumarragako Arcelorreko plantaren itxieraren ondorioz. 2015ko 87.000 tonetatik, 21.000 tonara.
Automobilen trafikoak bilakaera positiboa izaten jarraitzen du. 88.973 ibilgailu mugitu dira urteko lehenengo lau hilabeteetan, Figueruelaseko General Motorseko eta Gasteizko Mercedeseko faktorietatik porturatutakoak.
Azkenik, Portu Agintaritzak, edukiontzien trafikoari dagokionez, Pasaia eta Anberes arteko lerroan gero eta bezero gehiago dituztela nabarmendu du.