Partida bukatu berritan, garaipena ospatzen. Argazkia: Ainhoa Bonifacio Salazar.
Partidaren hasieratik bukaerara nagusitu ziren zelaian arrosak, eta joko erasokorrari esker puntutan errenta lortzen hasi ziren lehen minututan.
Bizkaitarren saiakerek, gainera, arrosen defentsa trinkoarekin topo egiten zuten, eta ate azpian, beste behin, Iñigo Yague paregabe aritu zen.
Atsedenaldian hamaika gol aldeko zituzten arrosek (18-7), eta Jesus Pino prestatzaileak aukera baliatu zuen jokalari gazteenei aukera emateko.
Samir El Hadri, Jokin Batalla eta David Blazquez zelairatu zituen Pinok, eta gazteek ez zuten aukera alferrik galdu. Primeran aritu ziren zelaian.
Larunbateko garaipena erabakigarria suerta daiteke finalerako sailkatze bidean, bi partiden faltan, puntu bakarrarekin nahiko dutelako arrosek matematikoki sailkatzeko.
Ondokoak larunbatean jokatu zuten jokalariak: Jon Gajate (4), Mikel Oiarbide (4), Ibai Borges, (4), Jose Gonzalez (3), Jon Ziganda (3), Samir El Hadri (3), Emilio Idoipe (2), Aritz Frias (2), Haritz Perez (2), Iñigo Nogues (2), Jokin Batalla (2), David Blazquez (1), Zuhaitz Garrido, Iñigo Yagüe, Cristian Cobeña eta Kamel Abdi.