Herritarrei guztionak diren eremuak errespetatzeko eskatu die udalak
Kimatze eta sasiak garbitzeko lanean ari da udala, eta zokoetan zabor asko pilatuta topatu dutelako kexu da
Udalak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan Pasaiako barruti guztietan sasiak garbitzeko eta kimatzeko lanak egiten ari dira, “utzita zeuden eremuen itxura hobetze aldera”.
Udalak nabarmendu duenez inbertsio eta ahalegin berezia egiten ari dira horretarako, baina esfortzu horrek “herritar batzuen gizalege eta errespetu falta” agerian utzi duela salatu du. “Arrandegi eta Donostia kaleak gurutzatzen diren eremuan sasi garbiketa egin ondoren, agerian geratu da sasitzan ezkutatuta zegoen hondakin eta zabor mordoa” kexatu da udala.
Horregatik pasaitarrei guztionak diren eremuak zaintzeko eta errespetatzeko eskatu die udalak “herria garbi egon dadin eta guztiek gozatzeko leku bat izan dadin”.