24 Ordu Martxan elkartasun martxa erraldoia maiatzaren 27tik 28ra egingo du Kalu Erice lezoarrak nahi duten laguntzaile guztiekin. Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteen aldeko erronka solidarioa da.
Kalu Erice, Josu Andueza eta Iban Angulo, iaz egin zuten erronkaren hasieran, Markel Merinorekin
Maiatzaren 27tik 28ra, Kalu Erice kirolari lezoarrak Markelen Irria eta Juneren Hegoak elkarteen aldeko egitasmo erraldoia burutu nahi du: 24 orduz martxa/lasterketa egingo du, Oarsoaldeko herrietatik, bi elkarte horien alde. Pasaia, Lezo, Errenteria-Orereta eta Oiartzun elkartasun keinu izugarri batekin batuko ditu egunbetez. Alboan herritar, erakunde, talde eta eragile asko izango ditu.
Balentria solidarioa hilaren 27ko 19:00an hasiko du Ericek, Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan (Niessenen). 24 ordu beranduago Lezon bukatuko du bidea, bertan egingo den jaialdi batekin. 150-160 kilometro inguru egingo ditu.
Hori guztia prestatzeko lanean ari dira aspalditik. Baina oraingoan deialdi zabala egin dute egitasmoan parte hartu nahi duten talde eta eragileentzat: hilaren 12an (osteguna, bihar), 19:00etan, eta Lezoko Bekoerrota kiroldegiko pilotalekuan, batzarra egingo dute xehetasunak zehazten joateko. Bertan laguntzaile edo boluntario diren taldeetako ordezkari bat edo bi izatea nahi dute. Gainera, edonor boluntario izan daitekeela jakinarazi dute, deialdi irekia da. Bereziki hilaren 28rako behar dituzte laguntzaileak.