Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko apostua egina du Errenteriako Udalak, eta horren harira 45 ekipo informatiko eman dizkio Emaus elkarteari.
Cabaleiro, Gracia eta Gaston
Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko apostua egina du Errenteriako Udalak, eta horren harira 45 ekipo informatiko eman dizkio Emaus elkarteari. Eñaut Gracia Informazio Gizarte eta Parte Hartze zinegotziak eman du iniziatibaren berri gaur goizean Emauseko komunikazio arduradun Begoña Cabaleiro eta ekonomia sozialeko zuzendari Alberto Gastonekin batera.
Dituen ekipo informatikoak aldatzen joaten dela udala esan du Graciak, “informazioaren gizarteak ezartzen dituen exijentziei aurre egin ahal izateko. Halakoetan garbigunera eramaten ditugu edo eragile ezberdinei ematen zaizkie”. Aste honetan 45 ekipo informatikoa aldatu ditu eta horiek Emaus elkarteari ematea erabaki duela udalak gaineratu du Graciak, “ekonomia sozial eta solidarioan egiten baitute lan”. Plan estrategikoaren barruan sei erronka adostu zirela eta horietako bat ekonomia soziala, bidezko merkataritza, eta giza balio eta balio sozialak dituen ekonomia bultzatzea dela ekarri du gogora. Bide horretan hainbat pausu eman dituela jada udalak gaineratu du, “horren adibide ekintzailetasun kolektiborako gunea den Torrekua edo atzokoa bezalako jardunaldiak, Oarsoaldeko lehenengo ekonomia sozial, solidario eta kolaboratiborako bilkura, dira”.
Gaurko donazioa ez dela beraz, “kasulaitatea” esan du zinegotziak, “Emaus elkarteak erabat txertatzen baitu bere jarduna ekonomia solidarioan”.
Berrerabilera filosofi bihurtu
Emausen lana sobera ezaguna dela esan du Cabaleirok. 35 urte beteko ditu aurten Errenteria-Oreretan lehen urratsak egin zituenetik gizarte inklusioan eta ekonomia solidarioan sakontzen. Ingurumenari erreparatu dio Emauseko komunikazio arduradunak gaurko agerraldian. Izan ere, urtero hirukoiztu egiten omen da sortzen den hondakin informatiko kopurua, “datu kezkagarriak dira kadmioa eta merkurioa beste metal astun askoren artean dituztela kontuan hartzen badugu. Horregatik birziklatzea eta berrerabiltzea ezinbestekoa da”.
Ildo beretik mintzatu da Gaston: “Birziklatu eta berrerabilita hondakin mordoa zabortegietara bidaltzea saihesten dugu Emausetik”. Prozesu horri esker, gainera, lanpostuak sortzen dituela elkarteak nabarmendu du. Udalak egindako donazioari esker Emauseko langile batek astebeteko lana izango du Gastonen hitzetan. “Donazio bakoitzak, lanpostu sorrera sustatzen, aztarna ekologikoaren murrizketan ekarpena egiten edota ingurumena hobetzeko balio du. Helburu bat du gainera, helburu erabat gardena du, eta gu beti prest gara egiten duguna erakusteko”.
Gipuzkoan une honetan 30 langile ditu Emausek eta horietatik %60 gizarte bazterketa arriskuan dago.