Espainiako Estatuaren abokatuaren eskariari bide eman dio, sei delitu zantzu ikusi dituelako
San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanak, geldirik eta susmopean
Auzitegira iritsi da Pasaiako portuko lonjako obren gainkostua. Fiskaltzak salaketa jarri du epailearen aurrean, bart arratsean Efe berri agentziak iragarri duenez.
Fiskaltzak Donostiako guardiako auzitegian jarri du salaketa eta orain arte egin dituen diligentzien berri ere eman dio epaileari. Efek iturri juridikoak aipatuz zabaldu duenez, kasua auzitegiaren esku uztearen arrazoietako bat da tartean egon litezkeenen eskubideak babestea. Izan ere, salaketa auzitegira iritsita, ez da baztertzekoa epaileak ikerketapean jartzea kasuarekin lotutako pertsonak.
Bi izen agertu dira orain arte. Gregorio Irigoien da bat, portuko zuzendaria; kargutik kendu dute. Bestea, David Candelario, azpiegituren saileko arduraduna —hark zeraman obra zuzendaritza—; diziplina dosierra ireki dio portuak.
Ricardo Peñak delitu zantzuak daudenik ukatu du
Sei delituren zantzuak ikusi zituen estatuaren abokatuak: prebarikatzea, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea.
Portu Agintaritzako buru Ricardo Peñak, aitzitik, delituak egon direnik pentsatzeko arrazoirik ez dagoela esan zuen atzo: «Oraingoz ez dago inolako zantzurik delitua egin zela zehazteko eta kasua fiskaltzarenera eramateko».
EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk azalpenak eskatu dituzte Eusko Jaurlaritzan.