Eskualdeko EH Bildu, Ahal Dugu,Irabaziz, Ezker Anitza-IU eta Equok biziberritzearen gaineko irakurketa bateratua egin dute
Oarsoaldeko EH Bildu, Ahal Dugu, Irabaziz, Ezker Anitza-IU eta Equok biziberritzearen gaiaren gaineko irakurketa kolektiboa egin dute gaur. “Ez dugu irudikatzen Porturik gabeko badiarik”, esan dute, baina “Portu Agintaritzak inguruko herriekin, udalekin eta herritarrekin dituen harremanak errespetuzkoak izan behar direla” aldarrikatu dute.
Esan dutenez, Portu Agintaritza “kontrako norabidean doa, zeharo”, eta Foru Aldundiak behin-behinean onartu duen Plan Bereziaren berrikusketa aipatu dute adibidetzat. “EAJ eta PSEren bulegoetan egin dute sukalde-lana, udalen zein herritarren bizkar”, salatu dute.
Horrez gain, portuan txatarra edota magnesitaren kudeatzeko erak salatu dituzte, eragin dituzten “hauts, usain eta zaratengatik, batez ere gertuen dauden auzo edo zonaldeetan, Errenteriako Kaputxinoak edo Pasai Antxo” kasu. Plan Bereziaren aldaketak, zentzu horretan, ez dakarrela aldaketarik salatu dute, Portuaren inguruan bizi diren pertsonei sortzen zaizkien kalteak zuzentze aldera ez direlako neurriak hartu.
“Aldaketarekin Portuko interesak defendatu dituzte soilik”, salatu dute, eta Portu Agintaritzak plan berezia aldatzeko beharra ez zuela defendatu dute, “orain proposatzen diren hainbat ekintza interes politikoagatik Portuak berak geldiarazi” zituelako aurreko agintaldian Pasaiako EAJren laguntzaz”.
Oposizioko alderdien ustez, “Portu Agintaritzak bere Plan Berezia, orain arte libre zeuden kaiko Herrerako lurrak berrokupatzeko” aldatu du, Trintxerpeko “Euskadi Etorbidetik 10 metrora 14 metro alturako pabiloiak eraiki ahal izateko” eta “herritarrek eta udalak adostutako ordenazioa hankaz gora jarri eta edozein birgaitze integrala hamarkadetarako blokeatzeko”.
Plan Bereziarekin, Pasaiaren etorkizuna ez ezik “eskualde guztiaren etorkizuna kolonizatu eta hipotekatuko” dutela ohartarazi dute.
“Ez dugu kritikatuko 16 milioi euroren etorrera, baina ez dugu xantaiarik onartuko”, iragarri dute. Izan ere, dirua biziberritzerako baino, portuko plana garatzeko erabiliko dutela uste baitute. Aitzitik, kaiko Herrera “Pasaiaren eta badiaren suspertze ekonomikoaren motorra” izan behar duela defendatu dute, eta lurra “herriari itzuli behar zaiola”.
Horrez gain, aldundiak bultzatutako parte-hartze prozesuan, bilerak herritarrak gonbidatu gabe egiten ari direla salatu dute, eta herritarrek landutako proposamena defendatu dute.
Azkenik, larritzat jo dute “birgaitzearen ikur izan behar zuen Pasai San Pedroko lonjan” gertatutakoa, lanak geldituta egoteaz gain epailearen eskuetan daudelako ustezko delitu zantzuengatik.
“Oarsoaldeko EH Bildu, Irabaziz, Equo eta Ahal Duguk badiaren birgaitze integralean eta portuarekin errespetuzko harremanetan sinesten dugu”, adierazi dute, eta bat horien guztien defentsan bat egin dute Herrera Herrira herri mugimenduak hilaren 17rako egindako deialdiarekin.
Aldundiak antolatutako azken partekatze saioarekin bat eginez, elkarretaratzea deitu Herrera Herriak, 18:45ean, Trintxerpeko alkateordetzan. Herritar guztiei dei egin diete parte hartzera.