Larunbatean egingo dute Donibaneko euskararen erabilerari buruz antolatu duten prozesu parte-hartzailearen azken saioa.
Donibaneko plazan, Prest! taldeak antolatuta, euskararen aldeko mosaikoa
Larunbatean bukatuko dute Donibanen, Prest! euskara taldeak, Euskaltzaleen Topagunearen gidaritzapean eta Pasaiako Udalaren laguntzaz aurrera eramaten ari diren prozesu partehartzailea. Joan den apirilaren 23an egin zuten lehen saioa, eta lehengo maiatzaren 7an bigarrena. Lehendik aurreikusi bezala, datorren larunbatean, hilak 21, emango diote bukaera. Aurreko bi saioetan bezala, 10:00etan bilduko dira, aiton-amonen aterpean.
Pasai Donibaneko euskaltzaleak aktibatzea izan da helburua, eta antolatzaileek esan dutenez, lehen bi saioak arrakastatsuak izan dira. 40 lagun inguru elkartu dira, eta nabarmendu dutenez, erabilitako metodologiak oso harrera ona izan du parte hartzaileen artean.
Herriko euskaltzaleak elkartu, eta euskarak Donibanen duen egoeraren diagnostikoa egin dute, beharrak definituz, lehentasunak finkatuz eta aurrera begira egin beharreko urratsak adostu dituzte.