Donibanen eta Trintxerpen informazio pantailak jarri dituzte Lurraldebuseko geltokietan.
San Pedroko linean autobus modernoagoak jartzeko, Esnabiden aldaketak izango dira
Udalak jakinarazi duenez, informazio pantaila berriak jarri dituzte Trintxerpen, Euskadi etorbidean, Karmengo Amaren elizako geltokian Donostiaranzko norabidean, eta baita Donibaneko Juan XXIII kaleko geltokian ere. Honenbestez, Pasaiak informazio pantailak izango ditu barruti guztietan, bidaiariei autobusen ordutegien berri emateko.
Garraio publikoaren zerbitzua eta erabiltzaileen irisgarritasuna hobetu nahi ditu udalak, eta horretarako hainbat lan egin dituzte Antxoko Nafarroa etorbideko geltokian (Katuen Etxadia) eta Euskadi etorbideko geltokian (eliza). Donibaneko San Roke kaleko geltokian ere aurreikusita dute “egokitzapenen” bat egitea, “ibilgailuak geltokietara hobeto sar daitezen, erabiltzaileek autobusera igotzeko eta bertatik jaisteko erraztasun gehiago izan dezaten, eta mugikortasun arazoak dauzkatenak segurtasun handiagoa izan dezaten”.
Halaber, Esnabide kaleko irtenguneak arinduko dituztela jakinarazi dute, “San Pedroko linean erabiltzaileentzako ibilgailu modernoagoak eta erosoagoak erabiltzeko aukera” izateko.
Udalerriko mugikortasun jasangarria hobetu nahi du udalak, “ahal den neurrian, garraio publikoa sustatuz, eta garraio publikoa erosoagoa izan dadin ahalbidetuz”.