Bihar hasita musika estilo ezberdinaekin osatu duen egitarau aberatsa eskainiko du Musikastek hamar egunez.
Olaskoaga, Mendoza, Bagu?es eta Telleria Musikasteren aurkezpenean.
Bihar hasiko da Musikaste eta aurten, 44. edizioa betetzen duenean, ahotsa izango du ardatz nagusia, Andra Mari abesbatzaren 50. urteurrena dela eta. Hala jakinarazi du Andra Mari abesbatzako Javier Olaskoagak eta hilaren 28ra bitartean, 10 egunez, Musikastek hogeita sei estrenaldi eta 48 konpositoreren lanak eskainiko dituela prestatu duten egitarau zabal bezain aberatsean.
Egitarauaren barruan, Gabriel Loidiren
Balea obra estreinatuko du Musikastek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, solistekin eta Andra Mari Abesbatzarekin eta bi programen bidez Donostia 2016 Hiriburutza Kulturalarekin ere, bat egingo du: Basque Lider eta Ez Dok13 hitzez hitz. Musikastek Gaur taldea ere gogora ekarriko du 44. aldian. Gaur taldeak eta Ez Dok hamahiruk, Musikasteren antolatzaile den Andra Mari abesbatzak bezala 50. urte beteko dituzte aurten.
Musika genero guztiak bultzatzeko asmoa nabarmendu du Olaskoagak. Aurten Ramon Modesto Aranburu, Ramon Esnaola, Hipolito Zubillaga, Victoriano Telleria, edo Francis Lopez konpositoreen lana ekarriko du gogora Musikastek XVIII. Mendetik XX. mende bitarteko klasikoekin batera. Baina musika garaikideak ere izango du tartea, Musika Bizia atalaren barruan, eta bertan Jazz musikak edo kale musikak leku berezia izango dute. “Musikasteren nortasun zutabeak, ondarea berreskuratzea, eta sorkuntza garaikidearen balore berriak sustatzea da”, esan du Olaskoagak eta musika bailiabideak optimizatzeko hainbat erakunderekin elkarlana berritu dutela gaineratu du: ” Edizio honetan Musikagileak, Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa, Opus Lirica eta Mikel Laboa katedrarekin aritu gara elkarlanean”.
Errenteria Musikali aipamen berezia egin dio Olaskoagak, “beraiek gauzatuko dituztelako kontzertu didaktikoak. Errenteriako Txistulari Taldea eta Errenteria Kultur Elkarteko Bandaren lana ere eskertu nahi dugu, bai eta Euskadiko Filmategiarena ere”.
Gaur taldea omentzeko musika garaikidea bihar
Bihar hasiko da Musikaste eta Gaur Taldea omentzen egingo du bidean lehen urratsa, musika garaikideari dedikatutako kontzertuarekin. Eduardo Chillida edo Nestor Basterretxearen testuekin, Zumeta, Balerdi, Mendiburu, Arias eta Oteizaren lan plastikoetan oinarrituta proposamen berriak entzuteko aukera izango dela esan du Eresbileko Jon Bagüesek: “Jose Antonio Sistiagaren bi filmen proiekzioarekin osatuko dugu emanaldia, eta Irungo Ametsa abesbatza eta Smash Ensemble izango dira interpreteak”. Musikagileak elkartearekin lankidetzan egingo den kontzertua, Niessen Kulturgunean izango da 19:00etan.
Etzi, ostirala, jazzak hartuko du lekukoa Musikasten. Bilbo, Donostia eta Gasteizkeo kontserbatorioetako big bandek eskainiko dute emanaldia Niessen kulturgunean 20:00etan. Larunbatean Rezikletas programak hartuko ditu kaleak. Gasteizko Turukutupa taldeak perkusio doinuz beteko ditu bazterrak birziklatuz sortzen dituzten perkusio instrumentuen bidez. 19:00etan hasiko dute ibilaldia kaleetan barrena eta Xabier Olaskoagan, Koldo Mutxelenean eta Herriko plazan eskainiko du Rezikletas. Igandean, Vicente Goikoetxearen erlijio musikarekin emango diote hasiera jardunaldiari, eta Andra Mari Abesbatzak Nemesio Otaño eta Luis Ugarteren lanak interpretatuko ditu. Jasokunde Andra Mariaren parrokian izango da kontzertua 10:15ean. Eguerdian berriz, Errenteriako Udal txistulari taldeak emanaldi berezia egingo du Herriko plazan.
Errenteriako Kultur Elkarteko Musika Bandak 12;30ean, Francis Lopez musikagilearen lanen monografikoa egingo du Foruen plazan eta kontzertua hasteko, Pepe Arzelusek konposatutako Gaztelubideren ereserkia estreinatuko du bandak, Joxemari Oiartzabalek egin du moldaketa eta berak zuzenduko du.
Jarduera pedagogikoen txanda
Hilaren 24tik 26ra, biak barne, hainbat jarduera pedagogiko antolatu dituzte, bestalde.Errenteriako 8 eta 12 urte arteko ikasleei zuzendutakoak dira eta Errenteria Musikaleko dantza, txistu, piano eta klarineteko irakasleek bereziki prestatutako Irratia Dantzan programa egingo dute.
Hilaren 23an, 25ean eta 26an, berriz, Errenteria Musikaleko musika eta dantza taldeek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute Olaskoaga plazan izango dira emanaldiak 18:30etik aurrera. Hilaren 26an andra Mari abesbatzak antolatzen duen Abesbatza Eskolan egitasmoari amaiera emateko berriz, hainbat eskoletako haurrek emanaldia eskainiko dute 16:00etan.
Balea obraren estreinaldia
Musikasteren bigarren asteburua musika emanaldiz beteta helduko da autore ospetsuenen musikari zuzenduta. Hilaren 26an, ostegunarekin Basque Lieder Donostia 2016re barruan kokatutako kontzertua egingo dute. Denboran zehar bidaia egingo dute Alicia amo sopranoak, Jagoba Fadrique baritonoak eta Maite Agirrek pianoan. Kontzertuaren barruan, hamabost konpositoreek sortutako 26 abesti bildu dituzte frantsesz, ingelesez, alemanez, portugesez, katalunez, korsikeraz, yiddisheraz eta eskozieraz. Niessen Kulturgunean izango da kontzertua 20:00etan.
Ez Dok Hamahiru mugimendua ere gogoan izango du Musikastek 50. urteurrenean. Horretarako talde horretako abeslariek sortutako hamabi abesti egokitu dituzte garaiko hamabi konpositoreek, eta horien estreinaldia egingo dute Durangoko Bogoroditsie abesbatzak, Oñatiko Ganbera abesbatzak, Nafarroako Ganbera abesbatzak eta Landarbaso abesbatzak. Hamahirugarren abestia, Iñaki Salvador pianistak osatuko duela aurreratu du Bagüesek. Donostia 2016aren barruan kokatuta dago emanaldia eta Fatimako Andra Mariaren Parrokian izango da hilaren 27an, 20:00etan.
Hilaren 28an, larunbata Gabriel Loidiren Balea obra esterinatuko dute Musikasteren barruan. Andra Mari Abesbatza eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bat egingo dute Musikasteri amaiera emateko Fatima andra Mariaren Parrokian 20:30ean.
Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak Andra Mari Abesbatza eta Eresbil Musikasteren antolatzaileak zoriondu ditu eta musika zabaltzeko egiten duten lana eskertu du, “musika bbalorean jartzeko egiten duzuen lana handia da”. Julen Mendoza ere izan da gaurko agerraldian eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Andra Mari Abesbatzak 50 urte beteko dituela eta zoriontzeko aukera ez du galdu Mendozak: “Andra Mari ez da abesbatza soila, ondare musikala balioan jartzen du. Gure herrian altxorra da Andra Mari”. Jon Bagüesi berari ere egin dio aipamena alkateak eta eskerrak eman dizkio egiten duen lan handiarengatik.