Kaleratzeak Stop deituta elkarretaratzea izan da gaur Donostiako epaitegiaren aurrean
Gaur goizeko elkarretaratzea, Donostian, auzitegian
Stop Kaleratzeak elkarteak jakinarazi duenez, familia pasaitar bat etxea galtzear da 3.732 euroko zorra baten ondorioz. Gaur salatu dute etxe kaleratzea, Donostiako auzitegian. Pasaiako udaleko hainbat zinegotzi izan dira elkarretaratzean, pasaitarrari babesa erakutsi eta Donostiako Lehen Instantziako 8. Epaitegiaren erabakia gaitzesteko, ez duelako estimatu “kontratua aurretiaz azkentzeko klausula abusuzkoa denik”.
Ondorioz, familia pasaitarraren ohiko etxebizitza datozen egunetan enkantean jarriko dutela ohartarazi du Kaleratzeak Stop elkarteak, eta hori dela eta datorren astelehenean (hilak 23) Pasaiako alkatearekin bilera dutela iragarri dute “Laboral Kutxarekin bitartekaritza lanak egin ditzan” eskatzeko.
Kaleratzeak Stop elkarteak jakinarazi duenez, kuota bakar bat ez ordaintzearen ondorioz erabaki zuen Laboral Kutxak etxegabetze prozesua martxan jartzea. Kaltetuak, orduan, 400 euroko laguntza bat baino ez zuen kobratzen, eta 800 euroko kuotari egin behar zion aurre. Adin txikiko bat du bere kargu, eta gaixotasun kronikoa duen ama.
“Justizia, Gipuzkoan tonbola bat da”
Gaurko elkarretaratzean salatu dutenez, “Gipuzkoan, justizia tonbola bat da”
, probintzi auzitegiaren aretoaren araberakoa. Jakinarazi dutenez, bigarren aretoak aitzat hartzen du aurretiazko azkentzearen klausula eta halako kasuak artxibatzen ditu; aitzitik, ez da gauza bera gertatzen hirugarren aretoan, eta kasu horietan etxeak enkantean jartzen dituzte.