Ohorezko Mailara igotzeko play offak jokatuko dituzte datozen bi asteburuetan, Mondragonen kontra. Lehen partida bihar dute, etxean, Trintxer zelaian

Sanpedrotarrako jokalariak eta zaleak, Trintxer zelaian
Igoera lortzetik gertu, oso gertu dago Sanpedrotarra futbol taldea. Gorengo Erregionalean denboraldi bikaina osatu dute moreek. Bigarren tokian bukatu dute sasoia, Vasconiaren atzetik hiru puntura eta Trintxerperen aurretik puntu bakarrera.
Horrenbestez, Ohorezko Mailara igotzeko play offak jokatuko dituzte datozen bi asteburuetan, Mondragonen kontra. Lehen partida bihar dute, etxean, Trintxer zelaian, 15:30ean. Itzulikoa datorren astean, Arrasaten.
Alex Chenlo aritu da aurten moreen entrenatzaile. Urteetan taldeko atearen zaintzaile izandakoa, prestatzaile lanetan aurten hasi da. Kontent egoteko moduko emaitzak lortu ditu bere estreinaldian, berak aitortu duenez «jokalariak aurrez ezagutzeak ematen duen abantaila» baliatuta, eta haien laguntzaz.
Lan onari saria
Biharko neurketari «lasaitasunez» ekingo diotela adierazi du Chenlok, taldeak «sari» bat bezala ulertzen duelako play offak jokatzeko aukera. Taldea «oso gogotsu» dagoela dio entrenatzaileak, «jokatzeko irrikaz».
Kontrarioari, ordea, errespetu handiarekin begiratzen dio: «Talde oso zail batean bigarren geratu da, 65 puntu lortu dituzte, eta badakigu oso talde gogorra izango dela, esperientzia handiarekin eta jokalari onekin». Aukerak badituztela, baina, argi dute, eta hortzak erakusteko prest zelairatuko dira.
Zaleen bultzadari, berriz, ezinbestekoa iritzi dio entrenatzaileak: «Beraiek gabe partida asko ez genituzke irabaziko. Hori, argi eta garbi». Baina zentzu horretan, arazorik ez. Bihar ere, bermatuta izango dute zaleen berotasuna.
«San Pedroren izena Gipuzkoa osora eramatea». Horixe da taldearen nahia. Izan ere, irabaziz gero, Ohorezko Mailan jokatuko du Sanpedrotarrak datorren urtean, historian lehen aldiz.