Lurralde antolaketako buru Marisol Garmendiak eta Portu Agintaritzako lehendakari Ricardo Peñak lonjaren gaineko azalpenak eman dituzte gaur aldundiak
Portuko Administrazio Kontseiluan abenduan jakinarazi zuten lanak etenda zeudela
“Diputatu gisa eta Pasaiako Portuko Agintaritzako administrazio kontseiluko kide gisa 2015eko irailetik, ez dut zerikusirik hemen azaldu diren egintzekin, Pasaiako lonja eraikitzeko obren gauzatzearekin eta kudeaketarekin lotuta. Eta ezta erantzukizunik ere, ez nik, ez EAJk eta PSE-EEk osatutako foru gobernuak ere. Ez dugu ezer ezkutatzen, ez tapatzen, ez estaltzen ere. Argi eta garbi, ez”. Tinkotasunez defendatu du gaur goizean aldundian Lurralde antolaketako diputatu Marisol Garmendiak Pasaiako lonjaren aferan izan duen parte hartzea.
Garmendiak azaldu duenez, iazko abenduaren 17an izan zuen irregulartasunen berri, eta gaineratu du “benetan kezkatuta” dagoela gaiarekin. “Erantzukizun oro” argitzea eskatu du lurralde antolaketako diputatuak.
Kontra bozkatzeagatik itaun
Apirilaren 5eko bileran gaia fiskaltza eramatearen kontra bozkatu ote zuen galdetu diote oposizioko alderdiek, eta Garmendiak azaldu du martxoaren 10ean egin zuten administrazio kontseiluan aho batez onartu zutela Estatuko Portuko Agintaritzaren eskaintza, kontu ikuskaritza integral bat egiteko. Zehaztu duenez, zazpi puntuko akordioa onartu zuten eta horren arabera, ikuskaritza horren emaitzek delitu zantzurik egon litekeela ebatziko balu, gaia fiskaltzaren esku uzteko erabakia hartu zuten.
Ildo beretik egin ditu adierazpenak Portu Agintaritzako buru Ricardo Peñak ere. “Martxoaren 10ean adostu genuen akordio hori loteslea da niretzat eta administrazio kontseiluko kide guztientzat: zerbait gertatu behar izan zuen [Macarena Olona estatuaren abokatuak] kontseiluari proposatzeko, astebete geroago, gaia fiskaltzaren esku utzi behar zela. Berak jada deklaratu du fiskaltzaren aurrean, baina ez dakigu zer den hari kontatu diona”. Peñak defendatu du fiskaltzarengana jotzeko “mamia” behar dela, eta martxoan ez zeukatela nahikoa informazio pauso hori emateko.
Oposizioa ez dute konbentzitu
Garmendiaren eta Peñaren azalpenek, baina, ez dute oposizioa konbentzitu. Ahal Dugu-k lonjaren aferan Portu Agintaritzak eta aldundiak izan duten jokabidea salatu, eta denon dirua kudeatzeko orduan “gardentasun eta zehaztasun” gehiago eskatu du.
Era berean, EH Bilduk Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Peñaren agerraldia “oso kezkagarritzat” jo du, Peñak irregulartasunez 2014ean jabetu zela aitortu duen arren, 2015eko abendura arte Administrazio Kontseilua jakinaren gainean jarri ez zuelako. Arduradun politiko nagusia izanik erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu diote Peñari.
Honenbestez, auzia argitze aldera martxan jarriko dituzten iniziatiben berri eman du koalizio abertzaleak, eta besteak beste, zuzendari ohiaren agerraldia eskatuko dutela eta diputazioak gai honen inguruan dituen txosten juridiko guztiak eskatu dituztela iragarri dute.