Bateletan, eta Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan eta ligan Oarsoaldekoek ia dena irabazi ondoren, borrokatuago egongo da Euskadiko Trainerilla Txapelketa
Hibaika eta San Juango emakumeak, Gipuzkoako Txapelketan. Argazkia: Josu Z.
Bihar (larunbata) eta etzi (igandea) jokatuko da Mutrikun Euskadiko Trainerilla Txapelketa. Bihar kanporaketako estropadak egingo dituzte 16:30ean hasita, eta etzi finalak 11:00etatik aurrera. Bertan Oarsoaldeko hainbat trainerillak parte hartuko dute, eta faboritoen artean daude. Hiru kategoria daude, eta dena ondo, hiru txapelak ekar ditzakete etxera bertako trainerillek.
Oarsoaldera txapela ekartzeko aukerarik handienak Emakumeen Absolutu Mailakoak dira. Lehia horretan Hibaika eta San Juan izango dira, Deustu, Orio eta Ondarroarekin batera. Traza guztien arabera, errenteriarren eta sanjuandarren artean erabakiko da Euskadikoa nork irabaziko.
Gizonen Senior Mailan Oarso Bidasoko ordezkari bakarra dago, San Juan. Bermeo, Kaiku eta Zierbena izango ditu alboan txapela nork irabazi. Zaila dirudi arrosak bizkaitarren aurrean gailentzea, baina itsasoan erabaki beharrekoa ez dadila aldez aurretik erabaki.
Euskadikoan lehian izango den hirugarren kategoria Gizonen Gazte Mailarena da. Horretan daude ordezkari gehien, 11 denera. Horien artean, hiru pasaitar: San Pedro, San Juan eta Trintxerpe-Illunbe. Haiekin batera Zumaia, Deustu, Hernani, Zarautz, Kaiku, Orio, Getaria eta Isuntza ariko dira nor baino nor. Txapela ekartzeko aukera badute pasaitarrek.