Kontzientziaren amuari kosk
‘Mater’ itsasontzia hondakinen arrantzan aritu da azken egunotan; itsasoaren kutsadurarekin kezkatuta, sentsibilizazioa sustatzen aritu da portutik portura eskifaia, boluntarioen laguntzaz
Itsasora jaurtitzen ditugun hondakinen %70 hondora joaten da; %30 trebesean da Ozeanoetan barreiatuta bost bilioi plastiko pieza daudeBaina kosta egiten da hondakinak ikustea. Itsasertzetik zirudiena baino mugimendu handiagoa dago kanpoaldean. Haizea dabil, eta olatuek ikusmena zailtzen dute. Horrek, baina, ez du esan nahi hondakinik ez dagoenik. Bizkaiko golkoan 50 milioi tonatik gora hondakin dago 200 metro arteko sakoneran, eta 50.000 tona itsas hondoan. Itsas zaborra da, «ur gainean edo hondoratuta dauden hondakinak, giza jardueraren ondoriozkoak, itsas korronteen bidez edo ibaien bidez itsasertzeraino iristen dena, eta hondartza eta itsasoetan bukatzen duena». Iturriak zehaztu duenez, gizakiok itsasora jaurtitzen ditugun hondakinen %70 itsas hondora joaten da: «Hori oso zaila da berreskuratzen. Gainontzeko %30, itsas azalean dago, trebesean». Arazo larriena, plastikoa Kutsaduraren ikuspuntutik, plastikoa da arazo larriena itsasoan. Adituek diotenez, munduko ozeanoetan barreiatuta bost bilioi pieza plastiko daude. Jader Avalo biologo kontserbazionista da, eta Mater Museoak eta Greenpeacek duten lankidetza hitzarmenari esker ari da kanpaina horretan parte hartzen. Greenpeacentzat «plastikoaren kontinente berriari» aurre egitea oso garrantzitsua dela dio, eta sentsibilizazio lana «funtsezkoa» dela, «batez ere txikienekin». Portuetan kanpainak «harrera oso ona» izan duela uste du material pedagogikoaren lanketan aritu den nikaraguarrak. Izan ere, kanpaina honetan dena ez da hondakinak arrantzatzea, Mikel Ripalda itsasontziko marinelak nabarmendu duenez: «Gauza ez da biltzea, baizik eta jendeari ikustaraztea dagoen problema». Arazoaren larritasunaz jabetuta eman zuen kanpainan parte hartzeko izena Asier Martinezek: «Kontzientziatu behar dugu, eta konturatu zer ari garen gaizki egiten, orekan bizi ahal izateko ama lurrari hainbesteko kaltea sortu gabe». Elikadura katea, kutsatuta Plastikoa itsas faunaren etsaia da aspalditik. Animalia asko ito egiten dira hondakinak jatean edota plastiko zati txikiak irentsita. Baina arazoa harago doa. Ikerketek egiaztatu dute itsasoko elikadura katea kutsatuta dagoela zaborretik datorren plastikozko substantziekin. Nekane Alzorrizek 33 urte ditu eta Itsas Zientziatan lizentziatua da. Bere ustez, «jendea ez da arazoaren tamainaz jabetzen». Hondakinak desintegratu eta kate trofikoaren zati bihurtzen direla ohartarazi du, eta irtenbidea sentsibilizazioa dela berretsi du, jendeak arazoa ezagutuko balu beste era batera jokatuko lukeela sinetsita. Ados dago berarekin Sorkunde Idigoras. «Itsasora botatzen dugun guztia, ondoren jan egiten dugu», ohartarazi du. Musika irakaslea da Idigoras, boluntario lan baten bila zebilela izan zuen kanpaina horren berri, eta parte hartzera animatu. Hondakinen gaia, itsasoan «are kezkagarriagoa» dela uste du Idigorasek, «ikusten ez dugunez, ez garelako kontziente». Sorkunde bezala, Luis Carros ere kezkatuta dago: «Pena da hondakinen gai hau. Argazki benetan beldurgarriak ikusi ditut», aipatu du. Erretiratu berri denez, bere denbora librean laguntzeko erabakia hartu du. Irutxulo eta bokalea Boluntarioekin hitz eta pitz, konturatzerako Donostiako badiaren parean da Mater arrantza ontzi izandakoa, eta Pasaiako bokale ikusgarria, jomugan, Aiako Harriaren babespean, txundigarri. Orduan hasi da eskifaia hondakinak bistaratzen. «Tupper tapa ababor», entzun da branka aldetik, eta berehala zuzendura dira agindutako aldera boluntarioak, kareletik begira, eta salabardoak eskuan. Hondakinak arrantzatzea, baina, ez da erraza. Itsasontzia norabide egokian jarri, behar adina hurbildu, eta tartean, noski, adi, ez dadila berriro itsas zabalean gal. Eta horrela, plastiko botila istriborretik, eskularrua popatik… ia oharkabean etxera bueltan da Mater. Porturatuta, eskifaian, esperientziarekin jendea kontent dela igarri da. Askok errepikatuko dutela ia ziurra da. Itsasoak merezi duelako.
Izaskun Suberbiola (Museoko zuzendaria): «Boluntarioekin lan egitea bultzada handia da guretzat»

«Nabarmenduko nuke aurten kanpaina handitu eta sendotu dugula» «Merezi duela uste dugu eta oso harro gaude orain arte egindako bideaz»Aurten, hala ere, bereziki nabarmenduko nuke kanpaina sendotu eta handitu egin dugula kolaboratzaileen artean. Jaurlaritza, Azti, Surfrider fundazioa…, guztiak egon dira gurekin kanpainan eta hori oso baikor baloratzen dugu. Beraz, iniziatiba honekin jarraitzeko asmoa duzue, ezta? Bai, tamalez, hondakinen arazoa ez da berehalakoan konponduko den zerbait, eta lan asko egin beharra dago. Bizkaiko Golkoaren egoera nolakoa da kutsaduraren ikuspuntutik? Oso zikina dago. Zoritxarrez, beste munduko itsaso eta ozeanoen antzekoa da hemengo egoera. Itsasora iristen den zaborraren %80 lurretik dator. Horrek esan nahi du gure bizimodua aldatu beharra dagoela ezinbestean. Gure aiton-amonek zeramaten bizimodura itzuli beharko gara, eta ez momentuko erosotasunera mugatu, bestela, hor galdu egingo gara eta zaborrean bainatuko gara. Mater museoak baditu urte batzuk sentsibilizazioaren aldeko lanean. Atzera begiratzen jarrita, zein balorazio egiten duzu elkartearen bilakaeraz? Elkarte txikia izaten jarraitzen dugu, baina denbora honetan guztian mantendu izana oso positiboa dela uste dut. Begiratzen dugu ingurura eta ikusten dugu horrelako beste elkarterik ez dagoela. Oso zaila da bizirautea, txikiak gara, eta beti ere asko kostata egiten dugu aurrera, lehengusu handirik ez dugulako . Zu hasieratik zaude proiektuan. Elkartea Pasai Donibaneko itsas munduaren maitale batzuk sortu zuten, horien artean nire aita zegoen. Beren asmoak gauzatzeko ardura izan dut ordutik. Elkartearen sortzaileek herriak betidanik itsasoarekin izandako harremanari eutsi nahi zioten, itsasoari begira bizitzen jarraitu, baina era jasangarri batean. Horretarako sortu genuen museoa, 2005. urtean, arrantzaren jasangarritasunari lotuta. Horrez gain, jarduera asko antolatzen ditugu, eta jendeari tresnak eskaini. Horrelako itsasontzi bat jendearen eskura jartzeak, denon gozamenerako, merezi duela uste dugu eta oso harro gaude orain arte egindako bideaz.

















































































