Antxoko XVI. Pintxo Txapelketa egingo dute asteburuan, sei tabernaren partaidetzarekin
Gaurtik igandera da pintxo txapelketa
Laurak Bat Egunaren barruan, Antxon, XVI. Pintxo Txapelketa egingo dute gaurtik (ostirala) igandera. Txapelketan sei tabernak, pintxo banarekin, parte hartuko dute: Ekarri, Gure Lurra, Iparra, Mimos, Kamio eta Prost. Pintxoen prezioa berezia da, horiek ondo landuak izango direlako: 1,80 euro. Edaria ez dago prezio horren barruan.
Ohikoa den bezala, bi sari banatuko dituzte igande eguerdiko ekitaldian. Lehena pintxoak jaten dituztenek ematen dutena da, herritarrena; pintxoa jaten duten taberna bakoitzean kalifikazio orria bete, eta ostalaritza gune bakoitzean dagoen kutxan sartu behar dute puntuazioarekin txartela. Mediarik onena lortzen duenak lortuko du txapela. Beste saria propio pintxo guztiak dastatzeaz arduratu den epaimahai profesionalak emango du. Hortaz, aukera dago bi irabazle, edo bakarra baina bi sarirekin egoteko.
Baina herritarrek, botoa ematen dutenek, saria izan dezakete. Izan ere, taberna bakoitzean botoa ematen dutenen artean zozketa bat egingo da bi lagunentzako afari bat emateko, botoa eman den taberna horretan bertan. Hortaz, sei afari zozkatuko dira antxotarren artean.