San Marko Mankomunitateak Txingudi eta Urola Kostako kamioiak transferentzia gunean jasotzea onartu du behin-behinean. Erabakiarekin ez daude ados Beraungo bizilagunak, eta hura lehenbailehen ixtea nahi dute.
Markoko transferentzia guneak jasoko ditu Urola Kostatik eta Txinguditik heldutako hondakinen kamioiak
“Ez zait zilegi iruditzen. Beraunen San Marko zabortegiarekin 40 urtez sufritu duguna eta gero, gure auzoak jaso behar izatea Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak. Izugarria iruditzen zait». Cati Gallardoren hitzak dira. Beraungo bizilaguna da eta kezkatuta egoteaz gain, «nazkatuta» ere badagoela esan du Beraun «hondakinen gordeleku» izatearekin. San Markoko zabortegiaren aurkako plataformako kide izan zen Gallardo, baita transferentzia gunearen kontrakoa ere. 2008an itxi zuten zabortegia, eta 2014ko irailean zigilatu, «40 urtez sufritu dugu auzotarrek zabortegia, eta horrek ondorioak eragin ditu gure osasunean».
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hala eskatuta, San Marko Mankomunitateak Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak San Markoko transferentzia gunean jasotzea baimendu zuen orain bi hilabete. Haserre daude bizilagunak, kezkatuta, eta hala dago ere Errenteriako Udala. Erabakian atzera egiteko eta transferentzia gunea ahalik eta azkarren ixteko eskatu berri du apirileko plenoan onartutako mozioaren bidez, eta hala jakinarazi dio San Marko Mankomunitateko presidenteari. Julen Mendoza alkateak ere gutuna igorri dio eskaera hori eginez.
Kexu da Gallardo, bizilagunek ez dutelako erabakiaren gaineko berririk izan, «hondakinen kontseiluan jakin dut, eta lotsagarria iruditzen zait». Kamioien ugaritzea sumatu du Gallardok, «azken hilabetean kamioi asko dabiltza joan-etorrian, ohikoak baino gehiago, kopuru zehatza ezin dut esan, baina bai mugimendu handia sumatzen dela. Asteburuan oinez hurbildu ginen San Marko aldera, eta transferentzia gunean 30 kamioi inguru ikusi genituen aparkatuta».
Irtenbidea zein den ez dakiela dio Beraungo bizilagunak, «prestatu beharko dute agian beste eremu bat horretarako, teknikoek eta arduradunek aztertu beharko dute: Beraun eta San Marko izango al dira beti lehenengo aukera hondakinak jasotzeko?».
Lanean hasteko prest
Beraungo bizilaguna ez dago prest ezer egin gabe gelditzeko, «transferentzia gunea irensten badugu, ziur naiz ez dutela alternatibarik bilatuko, eta berriz ere Beraungo bizilagunok Gipuzkoako zikinkeriaren zati handi bat jaso beharko dugu bertan».
Horren harira, lanean hasteko prest azaldu da Gallardo. Lehen bilera aste honetan bertan egingo dute, emango dituzten lehen pausuak zehazteko, «ez dakit elkarretaratzeak egiten hastea izango den lehen urratsa. Nondik abiatu aztertzen ari gara». Argi du errauste planta ez dela alternatiba, «errauste plantaren kontra nago erabat, uste dut badirela beste bide batzuk eta horien aldeko apustua egin behar dugula. Ahalik eta gehien birziklatzeko eta bereizteko neurriak hartu behar ditugu. Errauste planta jartzen badute, Zubietako biztanleek eta Gipuzkoako gainontzeko herrietakoek jasan beharko duguna izugarria izango da».
Beraungo bizilagunek hondakinen gaiaren gainean kontzientzia badutela sinistuta dago errenteriarra, «40 urtez zabortegia jasan ondoren manifestazio eta elkarretaratze ugari egin ditugu auzoan. Hori da herritarrei gelditzen zaigun bide bakarra politikoek uler dezaten zein nekatuta eta nazkatuta gauden bizilagunak gai honekin».
Zabortegiaren eta transferentzia gunearen aurkako plataforman aritu da Gallardo bezala Mari Mar Lasa, Beraungo auzo Elkarteko lehendakariordea da. «Beraunen ez genuela nahi ez zabortegirik ezta transferentzia gunerik ere aspaldian esan genuen bizilagunek. Zabortegia behin betiko nahi dugu itxita, eta oraindik hemen gabiltza, hamar urte beranduago».
Transferentzia guneak beraungo auzotarrei zuzenean eragiten diela uste du Lasak, «kamioi handi ugari pasatzen dira bertatik eta herritarrek ez dugu aukerarik San Marko mendiaz eta inguruaz gozatzeko». Bizarain ikastola eta gerontologikoa bertan daudela gogorarazi du Lasak, «ondotik pasatzen dira egunero kamioiak, izugarria da».
Tristura eragiten dio Lasari alderdi politikoek urte hauetan guztietan ezer egin ez izana. Gallardok bezala irtenbidea zein den ez dakiela esan du, baina transferentzia gunea itxi dezatela nahi du: «Denbora izan dute irtenbide bat bilatzeko, eta jendearekin jolasten jarraitzen dute. 2006tik borrokan ari gara eta hemen jarraitzen dugu oraindik gaiarekin. Honen atzean interesak daudela argi dut».
Bizilagunak kezkatuta
Transferentzia gunearen gaineko kezka ez da soilik Gallardo eta Lasaren kontua, kalean jende askok gelditzen duela esan du Beraungo auzo elkarteko kideak, «bizilagun askok gelditzen naute kaletik galdetzeko zer gertatzen den. Alderdi politiko guztiek gunea itxi nahi dutela diote, baina bitartekoak beraiek dituzte, ez dago gure esku. Gai politikoa da eta beraiek bilatu behar dute irtenbiderik egokiena, inorentzat kaltegarriak ez diren neurriak hartuta, eta herritarrekin pentsatuta».
Hondakinen gaia garrantzitsua dela ukatu gabe, gaiari behar dena baino garrantzia handiagoa ematen ari direla sinistuta dago Lasa, «jendearekin jolasten ari dira». Eskaera zuzena egin du: «Eseri daitezela guztiak, eta azter dezatela zein den modurik egokiena hondakinen gaiari irteera egokiena emateko, baina itxi dezatela San Markoko transferentzia gunea, bizilagunak nazkatuta gaudelako».
«Bere hondakinak kudeatzeko azpiegiturak behar ditu Gipuzkoak» Maite Peña, EAJ
Aurreko legealdian foru aldundian zegoen gobernuaren erabakien ondorioz, Gipuzkoan hondakinekin arazo larria dugu. Hondakinak kudeatzeko aurreikusita zeuden azpiegiturak geldiarazteaz gain, ez baitzuten azpiegitura alternatiborik egin. Ondorioz, Gipuzkoako hondakinak herrialdetik kanpora eraman behar ditugu, eta ahalik eta kalterik gutxienarekin egin dadin, kamioi txikietan eraman ordez, kamioi handiagoetan eramaten dira. Hori da San Markon egiten dena, kamioi txikietako hondakinak konpaktatu eta kamioi handietan sartu, ondoren garraiatzeko. Prozesu honen amaiera, halabeharrez, Gipuzkoak bere hondakinak kudeatzeko azpiegiturak dituenean etorriko da, eta lehenbailehen izan dadin, martxan da aldundia.
Argi dugu Lau Haizetara parkearen garrantzia zein den, eta erabaki garrantzitsuak hartu dira azken urteetan zentzu horretan. San Markon geratzen diren azpiegiturak epe laburrenean desagertzea ezinbestekoa da.
«40 urtez San Marko zabortegiaren ondorioak jasan ditu Beraunek» Jose Cruz Legorburu, Errenteria Irabaziz
Transferentzia gunearen itxiera errenteriarren aldarrikapen historikoa da. 20008az geroztik, San Markon ez da errefusarik botatzen, baina, transferentzia gunea eraiki zenetik, San Markoko zabortegia zenetik milaka kamioi sartu eta irteten dira urtean, errenteriarren eta bereziki Beraungo auzotarren ongizatean, bizi kalitatean eta osasunean eraginez. Inguru hori, gainera, babestutako Lau Haizeta natura gunean kokatuta dago.
EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernu foralak hainbat lobby ekonomikorekin errauste planta 2019rako egitea adostu dute. Aldundiak ezin du osasun publikoa, ingurumena eta errenteriarren bizi kalitatea bere interes pribatuen eta talde ekonomiko handien interesen arabera baldintzatu. Meruelotik (Kantabria) San Markokoa baino hurbilago dauden transferentzia guneak badaude. Horiek erabiltzea da irtenbidea, eta ez 40 urtez hemen zabortegiaren ondorioak jasan dituzten Beraungo bizilagunak gehiago zigortzea.
«PIGRUGek aurreikusitako azpiegiturak eraikitzea da bidea»
Jose Angel Rodriguez, PSE-EE
Behin-behinekoa da transferentzia gunearen gaineko erabakia, Gipuzkoako hondakinak bertan tratatzeko beharrezkoak ditugun azpiegiturak martxan jartzen ditugun arte. Hala jakinarazi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak.
Lehentasuna da San Markoko transferentzia gunea lekualdatzea. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (PIGRUG) aurreikusita zituen azpiegiturak eraiki izan balira, duela hamar hilabete baino gehiagotik itxita legoke transferentzia gunea. EH Bilduk, ordea, gelditu egin zituen, lurraldea azpiegiturarik gabe utziz, eta 40 milioi euroko galerak sortuz. Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak jasotzeko erabakiak ez du kamioien kopurua askoz gehiago handitzea ekarri. Kamioien joan-etorria 2014an ugaritu zen EH Bilduk Txingudiko hondakinak bertara ekartzea onartu zuenean. Horri irtenbidea emateko PIGRUGek aurreikusitako azpiegiturak ahalik eta azkarren eraiki behar dira.
«San Markok 24.000 kamioi hartuko ditu, 2009an hartzen zuen kopuru bera»
Jaime Dominguez-Macaya, San Marko Mankomunitatea
San Marko Mankomunitateak, batzarraren gehiengoak ahalmena emanda, martxoaren 18an onartu zuen bertako transferentzia gunean Txinguditik eta Urola Kostatik zetozen kamioiei hondakinekin sartzeko baimena behin-behinean ematea. Gipuzkoan ez dago hondakinak jasotzeko azpiegiturarik eta Kantabriara eraman behar ditugu, ondorioz. 2008tik San Markoko zabortegiak ez du hondakin isuririk jasotzen, eta horrela jarraituko du.
San Markok hartzen duen kamioi kopurua, 2009an hartzen zuen kopuru berbera izatea aurreikusten da, 24.000 urteko. Kalkulu teknikoen arabera, neurriarekin, Meruelora 1.180 bidaia gutxiago egingo dira , 58.000 litro gasolio aurreztu, eta 100 tona CO2 gutxiago isuriko dira.
Errenteriako bizilagunek transferentzia gunea ixteko duten nahia partekatzen du San Markok, eta hori hondakinak kudeatzeko Zubietan aurreikusitako azpiegiturak egiten direnean lortuko da.
«Zabortegiak eta errauste planta dira EAJ eta PSE-EEren alternatibak»
Bernar Lemos, EH Bildu
San Markon hondakinekin lotutako ekintzen erabateko itxiera erreala EH Bilduren eskaera historikoa da. San Markoko transferentzia gunea itxi eta hondakinen azpiegituren planifikaziotik ezabatzeko eskatu zion udalak aldundiari 2014an.
24.000 kamioi inguru sartu-irteten dira egun San Markotik, eta orain 1.400 gehiago inguru ibiliko dira. Bizarain ikastola eta Sanmarkosene gerontologikoa daude eremu horretan, eta herritarrek eta bisitariek Lau Haizeta parke naturalerako sarrera gisa erabiltzen dute. Aldundia kudeatu dugunean, hondakinen planifikazio berritzaile eta aurrerakoia planteatu dugu, ingurumena eta osasun publikoa oinarri: errausketa desagerraraztea; beharrezko azpiegiturak eraikitzea; errefusa murriztea eta inertizatu ondoren Zestoako harrobian biltegiratzea; eta gaikako bilketa %70-%80ra igotzea. 30 urte baino gehiago eman dituzte kudeaketan EAJ eta PSE-EEk. Euren alternatibak zabortegia eta errauste planta izan dira.
Errauste plantaren aurkako hitzordua gaur, Lezon
Lezon Ondo Ai Gea taldeak deialdia egin du gaurko: giza katea egingo du Lezoko anbulatoriotik Gurutze Santuaren plazaraino, eta ahalik eta herritar gehien bildu nahi dituzte. 18:30ean hasiko da mobilizazioa. «Errauste plantarik ez Zubietan eta ez inon» ez dutela nahi esan nahi dute protestaren bidez. Aldi berean, etzi Donostian osasunaren alde eta errauste plantaren kontra Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu duen giza katean parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Onkologikoa eta aldundia lotuko ditu etziko giza kate horrek. Bederatzi gunetan banatuta dago guztira ibilbidea, eta Gipuzkoako eskualde bakoitzari zati bat egokitu zaio.
Oarsoaldeko bizilagunek 11:30ean bildu beharko dute medikuekin batera Onkologikoan, giza katearen lehenengo zatian. Oiartzun eta Errenteria-Oreretako 212 lagunek zuten izena emanda atzo giza katearekin bat egiteko. Kopuru hori handituko dela uste dute antolatzaileek, gaur eta bihar artean izena eman daitekeelako oraindik.
Bidasokoek, berriz, Tolosaldekoekin batera, ibilbidearen laugarren zatian elkartu beharko dute, Anoetako sarreran.
Giza katerako konpromiso bilketa erritmo onean doala esan dute deitzaileek, «Gipuzkoan errauste plantari aurre egiteko pilatzen ari diren borondateak eta indarrak gero eta handiagoak dira, eta aurreikuspen guztien arabera, Onkologikotik diputaziora doan bidea jendez beteko dugu. Dagoeneko ehunka eta ehunka dira konpromisoa hartu duten herritarrak».
Izena emateko bi modu
Hala ere, izena lehenbailehen eman dezaten deia egin diete herritarrei, «antolakuntza lanak ahalik eta txukunen egin ahal izateko eskatzen dugu izena ematea. Ibilbidean zehar parte hartzaileak modu orekatuan banatuta egotea da helburua». Edonola ere, izena ematen ez duten herritarrek ere parte hartu ahal izango dute errauste plantaren kontrako mobilizazioan, «denak beharrezkoak garelako, eta izena ematea ez da giza katean parte hartzeko ezinbesteko baldintza».
Bihar itxiko dute izena emateko aukera, hortaz, gaur eta bihar ere aukera izango dute interesdunek aldarrikapen ekintzarekin bat egiteko. Bi modu daude horretan izena emateko: lehena, Gipuzkoako herri gehienetan lantaldeak dituen tiketak eskuratzea da. Bigarrena, erraustuez.org Interneteko atarian sartuta egitea.
Etziko iniziatiba erronka da antolatzaileentzat, ez nolanahikoa gainera, «Gipuzkoan ikusiko baita zein den Zubietako errauste plantak eragiten dituen samina eta kontrakotasuna. Erraustegiaren eraikuntza kosta ahala kosta aurrera eraman nahi duenak entzun beharko gaitu». Errauste plantaren aurka den ororentzat etzikoa «ezinbesteko» hitzordua dela gaineratu dute, «atera gaitezen kalera».