Diru sarrerak Bermatzeko Laguntzaren gaineko mozioaren eztabaidak luze jo zuen. Azkenean Errenteria Irabaziz eta EH Bilduren mozioak egin zuen aurrera.
Maiatzeko plenoaren ohiko bilkura
Andra Mari abesbatza izango da aurtengo madalenetako omendua, mende erdia bete duenean. Bozeramaileen batzordeak aho batez onartu zuen, eta plenoaren babesa jaso zuen atzo proposamenak. Errenteriako abesbatzaren ibilbidea goraipatu zuten “eta sobera arrazoi direla Andra Mari omentzeko” esan zuten guztiek. Azkar aztertu zituen plenoak atzoko gai zerrendako lehenengo bederatzi gaiak.
Azken puntuaren gaineko eztabaida, berriz, luze joan zen. Bi mozio aztertu zituzten. Bata Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk aurkeztutakoa DBL (AGI), Diru sarrerak Bermatzeko Laguntzari eta DBE (RGI) Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzkoa, eta bestea, PSE-EEk gizarte laguntzak berreskuratzeari buruz aurkeztutakoa. Plenoan bertan jakinarazi zuen alderdi sozialistako bozeramaile Jose Angel Rodriguezek EAJrekin adostasunera heldu zirela eta erdi bideko mozioa aurkeztuko zutela bi alderdi horien izenean. Bi ordu eman zituzten gaiaren gainean eztabaidatzen alderdi politikoek, eta azkenik EH Bildu eta Errenteria Irabaziz hautesle elkargoak aurkeztutakoak egin zuen aurrera bi alderdien babesarekin, eta PSE-EE eta EAJren aurkako botoekin (11 alde eta 10 kontra).
Gracia eta Karrikiri atzoko plenoan
EH Bilduko Jaione Karrikirik hartu zuen hitza mozioa aurkezteko. Gaia kokatu zuen lehenik Karrikirik, eta esan zuen Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza(DBL-AGI) EH Bilduk Gipuzkoako Foru aldundiaren gobernuan zegoenean abiatu zuela: “Eusko Jaurlaritzak, Patxi Lopez buru zuela 2011n Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE-RGI) jaso ahal izateko urtebeteko errolda, hiru urtera pasatzea dekretu bidez erabaki zuenean jarri zuen martxan EH Bilduk neurria”. Garai gogorrak zirela, krisia bete betean zegoela eta etxe kaleratzeak ugaritu zirela ekarri zuen gogora Karrikirik, “erantzun urgentea eskatzen zuen gaiak, pertsona asko babes sistematik kanpo gelditzeko arriskuan zirelako, pobrezia arriskuan”.
Erabakian atzera egitea, ezinbestekoa
Koherentzia eza leporatu zion gainera bere hitzaldian Karrikirik, alderdi jeltzaleari, “une hartan AGIaren alde egin zenutelako”. Alderdi sozialistari ere zuzendu zitzaion EH Bilduko zinegotzia: “Udalean gauza bat eskatzen duzue, laguntzak ugaritzea, eta kontrakoa egiten duzue hemendik kanpo Eusko Jaurlaritzan zuen alderdia izan zenean egin zenuten bezala”. Gaiaren gainean EH Bilduk hartu zuen erabakiak “pobrezia arintzeko” balio izan zuela esan zuen Karrikirik, “arazo bat sortu zenuten eta EH Bilduk erabaki bat hartu zuen. Erabaki horri esker, gainer,a eta egindako inkestek hala erakusten dute, pobrezia larria %5,4koa zen eta AGIrik gabe %8,3raino heltzea luke. Diru laguntza honi esker, 20.300 pertsona irten ziren pobrezia egoera larritik”.
EAJko hiru zinegotziak
EAJk kudeatzen duen aldundiak DBL-AGIa bertan behera uzteko erabakiaren berri martxoaren 21ean eman izana salatu du, gainera, koalizio subiranistaren ordezkariak, “Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere. AGIak dei efektua egiten duela ohikoak ez diren etorkinengan, eta ez duela pertsonen gizarteratzearen eraginik esan zenuten orduan. EAJren estiloa, betikoa, poltsikoa eskuinaldean”. Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela, eta berari dagokiola atzera egitea gaineratu zuen Karrikirik, “beharrak larriak dira oraindik, krisiak jarraitzen du eta beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak atzera egitea gizarte laguntzen gaineko erabakian”.
Maite Peña EAJko bozeramaile eta Gizarte Gaietako diputatuak, laguntzak zein eragina izan duen eta helburuak zein neurrian bete dituen aztertzen ari dela egungo diputazioa esan zuen. AGIa abiatzea “erabaki politikoa” izan zela esan zuen Peñak, eta Gipuzkoako hainbat eskualdetan laguntzari lotutako mugimendu migratorioak zirela ezaguna zuela aurreko aldundiak, “baino EH Bilduri ez zitzaion interesatzen konponbidea bilatzea”.
Peñaren aburuz, laguntza horrek ez du “gizarteratzea ahalbidetzen”. Eztabaidaren atzean “modeloen arteko talka” dagoela gaineratu zuen EAJko bozeramaileak: “EH Bilduk eta Errenteria Irbazazizen ustez laguntzak eman behar dira eta EAJk uste du ez dela egin behar den bakarra. Laguntzak eta koherentea den sistema eraiki behar da pertsona horiek gizarte bazterketa arriskutik ateratzen laguntzeko”.
DBL-AGIarekin pobrezia murriztu
Errenteria Irabazizeko zinegotziak. Basurto falta da argazkian
Errenteria Irabazizeko Nagore Basurtok, Eusko Jaurlaritzak errolda urtebetetik hiru urtera igo zuenean DBE-RGI jaso ahal izateko, pertsona asko babes sistematik kanpo gelditu zirela esan zuen, “horregatik sortu zen AGI-a. Hura martxan jarri zenean kasualidadez, murriztu zen pobrezia kopurua. Aurrekonturik ez dagoela dio EAJk AGIak 2016an zuen kalkuluetan suposatuko lituzkeen 14.000.000 euroak bideratzeko. Horren aurrean, ondasun handien zerga bertan behera utzi duzue gizarte injustu bat sortzeko bidean. Gehien dutenek irabazten dute geroz eta gehiago, eta betikoek galtzen dute, behekoek, gizartea prekarietatean eta gizarte bazterketan murgilduta”.
Laguntza, gizarteratzean garrantzitsua den zalantzarik ez duela esan zuen Basurtok, “eta egin behar dena da aztertu helburuak bete dituen edo ez, eta ez bada horrela beharrezko bitartekoak jarri beharko dira hura hobetzeko, osatzeko, eta ez kendu”.
Laguntzarako dirurik ez baina bestelakoetan gastatzen duela diputazioak gaineratu zuen Basurtok: “Realari zorra barkatzen diote, 12 miloi euro inbertitzen dituzte Anoetako berritze lanetan, Bidegi, errauste planta, AHTrako 500 miloi euro urtean. Baina 14 miloi euro AGIrako ez dituzte”.
PSE-EEko ordezkariak atzoko plenoan
Pobreziari aurre egiteko tresna baliagarria dela DBL-AGIa esan zuen azkenik, Basurtok: “Eta ezin da bertan behera utzi suposatzen duen inbertsio ekonomikoarengatik. Gizarteratze beste hainbat tresnez osatu behar dela pentsatzen dugu, suposatzen zaion helburua bete dezan, baina ez kendu. AGIak familia bakarra laguntzeko balioko balu ere, nahikoa justifikatua dago gure alderdiaren ustez”.