1500 euro jasoko dituzte ospakizunen antolakuntzarako.
Ekaitza taldeko arduradunak Izaskun Gomez alkatearekin lankidetza hitzarmena sinatzeko unean.
Pasaiako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Ekaitza aisialdi taldearekin, elkartearen sorreraren 25. urteurrena harira.
Hitzarmen horren bidez, udalak aurtengo ospakizun ekitaldiak finantzatzeko laguntza eman nahi dio Ekaitzari. Zehazki, 1.500 euroko diru laguntza emango dio urteurrenaren opakizunetarako, ohiko aisialdi jarduerengatik jasotzen duen urteko diru laguntzaz gain.
Udalak nabarmendu duenez, Ekaitza Gazte Elkarteak lan “aipagarria eta txalogarria” egiten du; elkartean jende gaztea bildu izana goraipatu dute, eta gazte horiek beren borondatez Trintxerpeko txikienekin egin ohi duten lana garrantzizkotzat jo dute. Udalaren ustez, horri eskerrak, “Trintxerpen erreferente historiko eta inportantea da” Ekaitza.
Eskolatik Errenteria kalera
Ekaitza 1991n sortu zen, txikiei aisialdirako gune bat eskaintzeko eta euren gizarteratze eta hazkunde prozesuan laguntza ematearren. Partaidetza sentimendua, hezkidetza, naturarekiko zaletasuna, begirunea, autonomia, eta adingabearen alderdi emozionala indartzen dituzte beren ohiko jardueren bidez.
Karmengo Ama eskolako etxabeetan hasi ziren lanean, eta ondoren Errenteria kaleko etxabe batzuetara lekualdatu ziren. Etxabe horiek egokitu eta oso leku atsegin bilakatu zituzten. 25 urte hauetan ehunka adingabek gozatu dute elkarteak antolatutako jarduerez.
Egun 6 eta 18 urte bitarteko ia 300 haur eta gazte dabiltza urte osoan elkartean; haien adinaren araberako jardueretan parte hartzen dute, bai aste barruan eta bai asteburuetan.
Horrez gain, barrutiko gizarte eta kultura bizitzan era aktiboan parte hartzen dute, San Tomas, San Joan sua, Erregeen Kabalgata eta beste hainbat ekitaldi antolatuz. Jai Batzordeko kide ere badira, eta barrutiko beste elkarteekin elkarlanean aritzen dira.
Begiraleak borondatez aritzen dira lanean, norberarekiko eta gizartearekiko konpromiso handiarekin, eta askotan familia, gizarte eta ekonomia arazoak dauzkaten adingabekoez arduratu behar izaten dute.
Aipamen berezia merezi dute urtero-urtero Oronoz-Mugairen antolatzen dituzten udalekuek; uztailaren bigarren hamabostaldian izaten dira, eta 100 haur inguruk hartzen du parte. Udaleku horietan naturaz eta elkarbizitzaz gozatzeko aukera paregabea izaten dute haurrek.