Begoña Lazkano: "Finalean sartu nahi dut eta domina lortu"
Igandean Moskun lehiatuko da Begoña Lazkano palista, Europako txapelketan. Pasaia Kayak klubean hasitako trintxerpetarra Riorako txartela lortzetik oso gertu egon da aurten; 22 urterekin, etorkizun handiko kirolaria da.
«Lehian egotea oso garrantzitsua da eta nik lortu egin dut» «Denbora onak egin nituen, bilakaera ikusi nuen, eta oro har, pozik nago» «Nire mailak horrela jarraitzen badu nik uste dut aukera handiak ditudala»Maiatzean Olinpiar Jokoen aurreko Duisburgoko txapelketa jokatu zenuen, Alemanian, eta Riorako sailkatzetik oso-oso gertu izan zinen. Nola gogoratzen duzu lehiaketa hura? Momentuan pena pixka bat ematen dizu, baina orain ikusten dut maila oso altua dela. Piraguismoan, zehazki, dopin kasu asko ematen ari dira azkenaldian. Aurten eta pasa den urtean, denborak oso onak izaten ari dira. Hala ere, lehian egotea oso garrantzitsua da eta nik lortu egin dut. Denbora onak egin nituen, bilakaera ikusi nuen, eta oro har, pozik nago aurten egin dudan lanarekin. Hurrengo geltokia, Tokio 2020. Zu ezagutzen zaituztenek han ikusten zaituzte. Txartela eskuragarri ikusten duzu? Lau urteko prozesua da eta oraindik ez dakigu Espainiako Piraguismo Federazioan nola joango diren gauzak, entrenatzailea berdina izango den, ezta plana zein izango den ere. Baina nire mailak horrela jarraitzen badu, nik uste dut aukera handiak ditudala. K1ean, K4an… behingoz saiatu behar dut. Ikusiko dugu, baina nik esperantza dut. Rioko Olinpiar Jokoetan hiru palista gipuzkoar izango dira. Lan txukuna egiteko moduan daudela uste duzu? Bai, gertuen dudana Iñigo Peña da, nire modalitateko palista bat delako, ur lasaietakoa. Nire ustez, K4an oso indartsua da, eta domina lortzeko aukera asko ditu. Oso onak dira denak, eta nik uste dut hor egongo direla. Eta zu haiek gertutik jarraitzen, ziur. Bai, bai, seguru. Telebistara itsatsita. Gaztea zaren arren, urte batzuk dituzu piraguismoan. Noiz erabaki zenuen zure indar guztiak kirol honetan jartzea? Niretzat prozesu nahiko lasaia izan da. Txikitatik hasi nintzen nahiko emaitza onak lortzen. Lehenbizi Pasaian, gero Gipuzkoan, ondoren Euskadin… Espainiako lehenengo txapelketan podiuma egin nuen, eta ondoren irabazi. 16 urterekin, juniorra nintzela, Espainiako selekzioarekin hasi nintzen entrenatzen Munduko Txapelketara joateko, eta gainera domina lortu genuen, hirugarren postua. Horrek asko motibatzen zaitu. 18 urterekin saiatu nahi nuela erabaki nuen, eta Madrilera joan nintzen. Eta Madrildik Sevillara, errendimendu altuko instalazioetara. Han kontzentratuta bizi zara duela bi urtetik. Nola daramazu hango lan dinamika? Oso-oso gustura, hemen [Sevillan dago egun] negua oso epela delako, eta horrek guretzat garrantzia handia du, bost ordu ematen ditugulako egunero uretan. Zentzu horretan, oso ondo. Unibertsitatea urrutitik egitea erabaki nuen hona etortzean, eta horrek pena pixka bat ematen dit, Madrilen unibertsitateko esperientzia asko gustatu zitzaidalako. Baina, beno, Madrilera joaten naiz urtean bitan azterketak egitera, eta hemen oso ondo nago, entrenatzen eta disfrutatzen. Familia eta lagunen hutsunea nabaritzen dut, baina batzuetan uzten digute etxera joaten, eta halakoetan gehiago aprobetxatzen ditut egunak. BAT Basque Team-aren babesa ere baduzu. Eskertzekoa da, beti izan dutelako nigan konfiantza handia, eta beti babestu nautelako. Laguntza ekonomikoa, azterketa medikuak… dena ematen didate. Nire laguntzarik handiena da. Kontuan hartu behar da, piraguismoa, askotan, autofinantzatutako kirola izaten dela. Zentzu horretan, laguntza honek ematen dizun kaudimena eskertzekoa da.
«Nire betiko kluba uztea erabaki gogorra izan zen, han ditudalako lagunak»
Trintxerpekoa izanik, Pasaia Kayak klubean egin zenituen zure kirol ibilbideko lehen urratsak. Noiz eta nola deskubritu zenuen piraguismoa? 10 urterekin, nire lagun-min batek udako ikastaro batean izena ematera animatu ninduen. Biak apuntatu ginen eta asko gustatu zitzaigun. Ikastaroa bukatuta entrenatzaileak esan zigun klubean apuntatzeko, eta negua han pasa genuen. Esaten dutenez, piraguismoan lehenbiziko negua gainditzen baduzu, geratzeko aukera handiak dituzu. Gu geratu ginen eta gaur arte. Piraguismoan jauzia emateko Pasaiatik alde egin behar izatea gogorra egin zitzaizun? Nire betiko kluba uztea erabaki gogorra izan zen, han ditudalako lagunak, eta nire entrenamenduak oso egokiak zirelako, baina 18 urterekin erabaki nuen saiatu behar nuela honetan aurrera egiten, eta Madrilera joan nintzen. Orduan hasi zen benetako aldaketa, unibertsitatean hasi, entrenamenduak bitan egunero, nekea, etxetik urrun egotea… Madrilen erabaki nuen hau izango zela nire bidea. Sevillan egonik, TKE Ligaren estropada ikusteko aukera izan zenuen lehengo asteburuan? Euskal giroa igarri egin al da Sevillan? Bai, oso giro ona egon zen, eta jende dezente zegoen. Estropada pixka bat arraroa izan zen, baina oso giro polita egon zen.«Batzuetan momentu oso zailak tokatzen dira, asko dagoelako jokoan» «Errendimendua ez baduzu ematen badakizu botako zaituztela» «18 urterekin Madrilen erabaki nuen hau izango zela nire bidea»‘Libia’ animatzen egongo zinen, ezta? Bai, bai… han izan nintzen, animatzen, eta oso ondo pasatu nuen, nahiz eta berehala entrenatzera bueltatu behar izan nuen. Ziur zure kirol ibilbidean garrantzia handiko pertsonak egon direla. Nortzuk aipatuko zenituzke? Zalantzarik gabe aita eta ama. Batzuetan momentu oso zailak bizitzea tokatzen dira, zalantzak sortzen zaizkizu, asko entrenatzen dugulako eta azken finean, asko dagoelako jokoan. Federazioan zenbaki bat besterik ez zara, eta errendimendua ez baduzu ematen badakizu botako zaituztela. Baina gurasoak beti egon dira nirekin, momentu zailenetan ere, eta aitari deitzen badiot esaten ez nagoela ondo, ziur hark autoa hartu eta hona etorriko dela berehala. Niretzat gurasoak dira garrantzitsuena. Familia eta lagunak ere bai, baina bereziki aita eta ama. Piraguista bezala zein da betetzeke duzun ametsa? Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Inongo zalantzarik gabe, horixe litzateke niretzat betetzeke dudan ametsik handiena. Kazetaritza ikasten ari zara. Unibertsitatean izena ematean zergatik hautatu zenuen kazetaritza? Niri asko gustatzen zait idaztea eta komunikatzea, baita irakurtzea ere. Beti dut libururen bat esku artean. Ikerketa arloa oso gustukoa dut. Horregatik hautatu nuen kazetaritza, gustuko ditudan gauzekin harremana duelako. Literaturaz ari zarela, sare sozialen bitartez jakinarazi duzu tarteka Pasaian kokatutako eleberriak irakurtzen dituzula. Hori zer da, herri-mina arintzeko? Bai, bai, [barrez]… Nire amaren gomendioak dira. (Pasaian girotutako El faro del silencio liburuaz ari da, Ibon Martin idazlearena). Amak askotan oparitzen dizkit liburuak, eta egia esan, horixe izaten da niretzat oparirik preziatuena. Oraintxe lehiaketa bete-betean zabiltzan arren, etxera etortzeko irrikaz egongo zara. Noiz izango duzu Pasaiara itzultzeko aukera? Moskutik bueltatzerakoan bizpahiru egun emango dizkigute atseden hartzeko, eta mentalki 23 urtez azpiko Munduko Txapelketarako prestatzeko. Orduan izango dut etxera joateko aukera.