Ane Santesteban: "Burua aldatu dut; konfiantza hartu eta aukerak aprobetxatu ditut"
Lan eskerga egin du, baina poltsikoan du bere ametsera eramango duen bidai-txartela. Abuztuaren 7an Olinpiar Jokoetan lehiatuko da. Gaur Giroa hasiko du.
Ez banuen sailkapena lortzen, argi nuen bizikleta utziko nuelaOrain sailkapena lortuta, jarraituko duzu, beraz. Bai. Riora joanda, Errenteriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Basque Team Fundazioaren laguntza jasoko ditut, eta horrekin beste bi urte jarraitzeko aukera izango dut. Oso estresatua bukatu duzula esan duzu. Giro Trentinon parte hartuko zenuen, baina gaixotu egin zinen. Ostiralean [gaur] hasiko den Giro d’Italia Femminilen ez zenuen parte hartuko hasiera batean, baina bertan izango zara. Hasiera batean, sailkapena lortuta, pentsatu nuen —taldearekin hitz eginda— Alemaniako Auensteiner-Radsporttage korritzea, gero Italiako Giro del Trentino eta azkenik Espainiako Txapelketa lehiatzea. Ondoren astebeteko atsedena hartzea zen asmoa. Taldearekin hitz egin, eta Alemaniara joan behar nintzela esan zidaten, baita besteetara ere. Urtarrilean oso indartsu hasi nintzen, San Luisko Itzulian, eta orduan puntuak hartu nituen. Luze egiten ari zitzaidan. Alemanian sukarra edukitzen hasi nintzen lehenengo lasterketa egunean, eta bizikletatik jaitsi nintzen. Horregatik, erabaki nuen etxean bi astez geratzea, Espainiako Txapelketetan ez parte hartzea eta gero Girora joatea. Hor hasiko da nire prestaketa.
Giroko lehenengo etapetan ikusiko dut nola nagoen; gero, gerokoakPrestaketa soila egitera ala lehiatzera? Sukarrarekin egon naiz, antibiotikoarekin zazpi egun, beraz, badakit nire maila ez dela onena izango. Baina beno, lehenengo etapetan lasai hartu, eta gero azkenekoetan ikusiko dugu nola nagoen. Rioko lasterketak 141 kilometro izango ditu, eta nahiko aldapatsua da. Zure ezaugarriekin bat egiten du? Interneten bakarrik ikusi ahal izan dut. Espainiako selekzioko bi teknikari hantxe izan dira, ibilbidea ikusten, eta esan didate oso-oso gogorra dela. Zein da zure aspirazioa? Oraintxe hasiko da prestaketa. Astebete daramat nahiko ongi entrenatzen. Hamar eguneko lasterketa egingo dut, gero beste hamar edo hamabi egun emango ditut Sierra Nevadan, altuerako entrenamenduak egiten. Ondoren, Valladolideko Itzulia egingo dut, mutilen Gazte Mailako txirrindulariekin. Inguruan emakumeen lasterketa gutxi daude, eta eurekin ibili behar. Orduan, ongi iristen banaiz, lehenengo hamarren artean sailkatzen saiatuko naiz. Aurten itzuli zara Alè-Cipollini taldera, Inpa-Sottolitik. Zergatik bueltatu zara? Ezagutzen nuen talde bat zelako. Bere garaian aldatu genuen, esan zigutelako taldeak agian ez zuela jarraituko. Ponferradako 2014ko Munduko Txapelketak ongi egin nahi nituen, eta horregatik joan nintzen hara taldearekin sinatuta. Aukera hori atera zen, urtebete pasatu nuen beraiekin, eta aurten berriro bueltatzea erabaki dut. Oso gustura nago taldean. Aurten, gainera, ez naiz Italiara joan bizitzera, eta hemen izan dut basea. Hala ere, denbora ia guztian lasterketetan ibiltzen naizenez… Italiako eta hemengo entrenamendu mota oso ezberdinak dira? Beste kultura bat da, beste mentalitate bat. Hemezortzi urterekin argi dute zer nahi duten lortu, eta horretarako oso gogor entrenatzen dute. Gogoan dut adin hori nuenean ez zegoela ezer. Ikastolan ikasi, lagunekin atera eta gero bai, gero egiten nituen entrenamenduak. Orain dela hiru urte Italiara joan nintzen, eta beraien metodologia ezagutu nuen. Badirudi ongi doala [barre egin du]. 25 urterekin ia ‘beteranoa’ zarela esan daiteke: Hirugarren Giroa izango duzu, Munduko Txapelketan bost aldiz lehiatu zara… Bai. Debabarrenan bi urte eman nituen, beste bi Bizkaian, eta beraiekin lasterketa pila batean aritu naiz. Debabarrena taldearekin egon nintzen Giroan lehenengo aldiz. Aukera eman zidaten Belgikako lasterketetan, Flandriako klasikoetan eta abar ibiltzeko, eta hor esperientzia asko hartu nuen. Hasi, aitarekin hasi nintzen. Zuzendari moduan ibili da hemengo talde batean urte askotan. Taldean zegoen mutil baten arreba bizikletan ibiltzen zen, eta ‘nik ere!’ esan nuen. Eta orain arte. Zortzi-bederatzi urte nituen bizikleta hartu nuenean, eta lasterketetan ateratzen nintzen, baina jolas bat bezala hartzen nuen. Hemezortzi urte ingururekin serioago hartzen hasi nintzen. Ordura arte Bruesan aritu nintzen, eta gero pasatu nintzen Debabarrenara.
Urtarriletik ekainera hamar egun besterik ez ditut pasatu etxeanUrtetik urterako progresioa nabarmena da. Nahiko pozik nago, egia esan. Iaz mononukleosia izan nuen, eta ez nintzen ez Emakumeen Biran ezta Giroan izan. Momentu horretan hain gaizki pasatu nuen, argi ikusi nuela zer lortu nahi nuen. Txirrindularitzan jarraitu nahi nuen, eta osatu nintzenean, gogor entrenatzen hasi nintzen. Gauza asko aldatu nituen, batez ere burua. Progresio nahiko ona eduki dut ordutik: uztailean hasi nintzen berriro lehiatzen, eta abuztuan Munduko Kopako lasterketa batean [Plouay-Bretagne Sari Nagusian] ordura arteko posturik onena lortu nuen: hamabigarrena. Toscanan eta Ardechen podiumera igo nintzen, gainera. Burua aldatu duzula esan duzu. Garai batean ezkorragoa zinela esaten zenuen, ezta? Bai. Lasterketetan hasi naiz pentatzen ez naizela besteak baino gutxiago, eta aukerak aprobetxatzen. Konfiantza irabazten joan naiz. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasten ari zara. Nola uztartzen dituzu ikasketak txirrindularitzarekin? Zaila da, batez ere aurten. Etxean urtarriletik ekainera bitartean hamar egun pasatu ditut. Lehenengo lauhilabetea nahiko ongi eraman nuen: neguan etxean zaude egun osoan. Goizean entrenatzera joaten naiz, eta arratsalde guztia dut libre ikasteko. Urtarrilean egin nituen azterketa guztiak gainditu nituen. Orain beste kontu bat da. Ekainean izan dira azterketak, eta ezin izan ditut egin. Uztailekoak ezta ere… Motzean
- Gustuko lasterketa: Emakumeen Bira.
- Txirrindulari eredugarria: Leire Olaberria.
- Txirrindulari bezala momentu onena: Zaila da hautatzea, baina Espainiako Txapelketa irabazi nuenekoa.
- Momentu okerrena: Asko! [Kar-kar]. Iaz mononukleosia hartu nuenean.
- Amets bat: Rion irabaztea.