Ibon Martin idazle donostiarraren ‘El faro del silencio’ eleberriak erakarrita bisitari asko ari dira iristen azken aldian Pasaiara; idazleak gidatuta, eleberria girotzeko erabilitako txokoak bisitatzen dituzte irakurleek

San Pedron, Platako Farolan bizi da ‘El Faro del silencio’ eleberriko protagonista.
Ziurrenik Victor Hugo izan zen Pasaiaren izena literaturarekin lotu zuen lehena, edo bai behintzat idazlerik unibertsalena. Hark Pasaiari buruz idatzitakoak, gerora bisitari asko erakarri ditu badia ingurura. Victor Hugo Etxeak hartzen du egun Pasaiako turismo bulegoa, eta ez kasualitatez; idazleak hartzen dituen etxeak ere Hugoenea du izena, biak Donibanen. Beraz, Pasaian, literatura eta turismoaren arteko harremana berria denik ezin esan.
Berriagoa da, aldiz, azken aldian ematen ari den fenomenoa. Ibon Martin idazle donostiarrak idatzitako
El faro del silencio eleberriak erakarrita bisitari asko ari dira iristen bokalearen ingurura. Idazleak berak esan duenez, 500dik gora dira jada Martinek berak gidatzen dituen bisitetan parte hartu duten lagunak.
Iaz antolatu zituen Martinek lehenbizikoz
El faro del silencio eleberrian aipatzen dituen txokoetara
bisitak, eta izan zuten arrakasta ikusita, aurten bisitei eustea erabaki du. Platako farola, Albaola… eleberria girotzeko erabilitako agertokiak bisitatzen dituzte.
Bi bisita mota antolatzen ditu: goizekoa, kanpotik datozen bisitarientzat pentsatuta, eta arratsetakoa, bertakoentzat: «Ikusgarriagoak, eleberria suspensekoa denez, misterio kutsuarekin, linternekin eta ia ilunpean».
Iniziatiba berritzailea
Irakurleen eskariz hasi zen bisitak antolatzen Martin: «Irakurle asko jartzen ziren nirekin harremanetan eleberrian aipatzen nituen tokiak errealak ziren galdetzeko». Inguruak pizten zuen interesa ikusita otu zitzation Martini bisitak antolatzea.
Iazko abuztuan antolatu zituen lehenak, «arrakasta ikaragarriarekin». Harrera ikusita, azarora arte luzatu zuen iniziatiba, eta aurten segida eman dio. Martinek kontatu duenez, izena ematen duten gehienek ez dute ingurua ezagutzen, eta jatorriari erreparatuta, nafarrak omen dira gehien datozenak.
Bisita bereziak
Bestela bisita turistikoa litzatekeenak badu berezitasuna. «Dibertigarriena da bisitak nolabaiteko irakurle kluba bilakatzen direla», azaldu du Martinek. «Idazlearekin topaketa, baina in situ». Eleberriari buruzko galderak, kritikak, pertsonaien izaeraren gaineko eztabaidak… denetarik elkartrukatzen dute bisitariek eta idazleak. «Oso interesantea da niretzat, datozen lanetarako ohar asko hartzen ditudalako».
Izan ere,
El Faro del silencio saga baten lehen alea izan zen, eta bigarrena kalean da jada,
La fábrica de las sombras izenburupean. Orbaitzetako arma fabrikan girotuta, hara bisitak ere antolatzen ditu Martinek, eta iragarri duenez, hirugarrena ere bidean da, huraxe ere Nafarroan girotuta.