Dena prest da, iritsi da eguna
Gaur arratsaldean hasiko dira Antxoko sanferminak.
Inurrien antzera ari dira gaur goizean antxotar asko; jantzi zuri-gorrien prestaketan asko eta asko, erosketak egiten beste hainbat, ostalariak tabernak bost eguneko zoramenerako prestatzen, barraketan eta txosnetan azken ukituak… den-dena arratsalderako prest egon dadin. Jaien aurkezpen ekitaldia 19:30ean hasiko da eta ordu erdi beranduago eztanda egingo du jaien hasiera iragarriko duen suziriak, ohi bezala, San Fermin parrokiako kanpai dorretik jaurtita. Ordurako aurtengo jaietan omendutako guztiak oholtza gainean izango dira: danborrada guztietako kantinerak, alkate txikiak, erretiratu omenduak, baita aurtengo sukaldari nagusi Alberto Ferreres ere. Zumardian, topagunea zabalduko dute 19:00etan, eta 18:00etatik aurrera, gazte koadrilak karropoteoan ariko dira. San Fermin bezpera izanik, lehen gauak luze joko du antxotarrentzat, eta musika, nola ez, ezin falta dantzaldiak girotzeko. Topagunean kontzertu dago gaur, Egurra eta Kitto, Zezenaren taldea eta DJ Miaurekin, eta Azokan Alaiki taldearekin dantzaldia. Zezen suzkoa ere aterako da gaur, 22:30ean, Axularren.