Madalenaren basilika zer den zehazten duen liburua argitaratu du Errenteria-Oreretako eraikina balioan jartzeko lanean ari den elkarteak
Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kideak, liburua aurkezten.
Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkartearen helburua da Madalenaren basilikari bizitza, balioa, Errenteria-Oreretan merezi duen tokia ematea. Ildo horretatik lanean ari dira azken hilabeteetan, eta gaur, bide horretan beste urrats baten berri eman dute: basilikaren historia azaltzen duen liburua aurkeztu dute,
Maria Magdalena basilikaren historia, Jose Luis Insausti Urigoitia elkarteko kide, historialari eta herriaren ikerlariak egina.
Gaur agerraldia egin dute liburua aurkezteko. Bertan hitza hartu dutenek nabarmendu dute gisa horretako baliabide baten beharra bazegoela, jakiteko basilika zer den, zer izan zen, eta zer izan daitekeen. “Datuak bazeuden, solte, artxiboetan eta hainbat argitalpenetan. Eta horiek batzeko garaia zela uste genuen, jakin-min handia zegoelako”, azaldu du Lurdes Uranga elkartearen idazkariak.
Ildo horretatik egin du bere hitzaldia liburuaren egileak, Jose Luis Insaustik. Haren ustez, betebeharra zen basilikaren historia bilduko lukeen liburua egitea, atzera begiratuz, egungo egoeraren berri emanez, eta etorkizunari so eginez, “eta harro gaude egin dugulako. Zorra genuen. Herriaren zati garrantzitsua da, herriari nortasuna ematen dion ikurretakoa da”. Ildo horretan, Insaustik eskertu egin ditu liburua egiten lagundu dutenak, eta lana Julian Etxeberria eta Jose Luis Salsamendiri eskaini die. Joxe Kruz Sarasolari ere eskaini dio liburua, gaur zendu da errenteriar ezaguna, 86 urte zituela. Gainera, Sebas Galdos Erriondori eskertu diote itzulpen lanak egin izana.
Hein berean, basilikaren berpiztean ahalegina egin dutenei eskerrak eman dizkie Insaustik, tartean Errenteriako Udalari, alkatea eta Hirigintza nahiz Kultura sailetan azken bi legealditan zinegotzi izan direnak aipatuz.
Erabilera askokoa
Liburuan agertzen denez, Madalenaren basilika kristau erlijioarekin bakarrik ez, herriaren historiaren bilakaerarekin lotu behar da. Adibidez, Done Jakue bidea egiten zutenen aterpetxe izan zen, ezkilen fabrika, ospitalea… Hau da, erlijio ikuspuntutik bakarrik ez, Errenteriaren historian izan duen tokia aipatzen da lanean, Lurdes Uranga elkartearen idazkariak azaldu duenez. Hau da, egun nahi duten bezala, herriari ateak zabalik izan dizkio basilikak historian zehar. Eraikinak berak izan dituen aldaketak ere ageri dira sorkuntzan.
Ildo horretatik mintzatu da Ion Collar Kultura zinegotzia. Azken urteetan ateak itxita ikustetik, elkarteak egin duen lanari esker basilika Errenteriari irekita dagoela adierazi du, “berezia da errenteriarrentzat, historia polita du. Eskerrik asko historia hori ezagutarazteko egin duzuen ahaleginagatik”.
Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkartearen lehendakari Migel Iraetak zehaztu duenez, lan handia egin du Insaustik liburua egiteko, “lan nekeza, baina merezi izan duena”.
Salgai
Liburuaren 300 ale egin dituzte elkarteko kideek. Horiek salgai jarriko dituzte basilikan bertan, zortzi euroan. Astelehenetik ostiralera izango ditu ateak zabalik eraikinak, goizez 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 18:00etatik 19:30era, madalenak arte. Ale guztiak salduko ez balira, jaietan ere egongo litzateke aukera herriaren historiaren zati bat jasotzen duen liburua erosteko.