Irungo Atzokoak abesbatzak larunbatean egingo du kontzertua eta Landarbaso abesbatzak, berriz, hilaren 19an.
Insausti, Etxepare, Tolaretxipi, Uranga eta Ollo.
Bi kontzertu antolatu ditu datozen egunetan Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak basilikan. Irungo Atzokoak Abesbatzak emango du lehen kontzertua larunbatean 20:00etan. Ahots baxuekin osatutako abesbatza da Irungoa. Peio Ollo eta Luis Mari Etxepare abesbatzaren kideek larunbaterako emanaldirako “nahasketa handia” egiten saiatu direla esan dute “jendeak gozatu dezan”. Publikoarekin komunikatzea dutela helburu gaineratu dute.
Bigarren aldia da irundarrak Madalenaren Basilikan izango direnak kontzertua egiten, eta Jose Luis Inasausti eta Lurdes Uranga Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kideek lehenengo aldian izandako arrakasta nabarmendu dute, “berriz entzuteko gogoz utzi gintuzten bertan izan ginen guztiak”.
Landarbaso abesbatza, 19an
Landarbaso abesbatzak egingo du bigarren emanaldia, hilaren 19an, asteartearekin. Madalenen aurrerapena izango da. Iñaki Tolaretxipi zuzendariak gogora ekarri du 25 urteurrena ospatzen ari dela aurten abesbatza, eta hilaren 19ko kontzerturako prestatu duten egitaruaraan “obra oso zailak” aukeratu dituztela. Berrikuntza bezala, orain arte Landarbasorekin elkarlanean aritu den Gazte Taldeak, bakarka hartuko du parte emanaldi horretan. 13 eta 17 urte arteko 26 gazteek osatzen dute Gazte Taldea, Landarbaso Abesbatzak eskainiko duen konztertuaz gain.
Iazko emanaldian, Landarbasok erantzun handia jaso zuela nabarmendu dute Insausti eta Urangak, “281 lagun izan ziren basilikan kontzertua ikusten”. Landarbasoren emanaldia 20:00etan hasiko da.
Insaustik eta Urangak, Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak urtearen lehenengo zatian 11 kontzertu antolatu dituela nabarmendu dute, “bi hauekin amaituko dugu eskaintza, eta irailaren erdialdean itzuliko gara kontzertu programazioarekin”. Herritar guztiak deitu dituzte bi emanaldietan parte hartzera eta “musikarekin gozatzera”.