Gaueko kontzertuen eskaintza anitzari, eguneko eskaintza batu diote eta hura indartzen jaotea dela asmoa jakinarazi dute txosnaguneko ordezkariek. Kontsumo etikoaren aldeko eta erasoen aurkako neurriak ere hartu dituzte.

Txosnagunea berrikuntzekin dator aurtengo jaietan. Argazkia: Carrera.
Txosnaguneak
Madalena Planeta eremua sortuko du madalenei begira, eta berrikuntzekin datorren egitarau zabala atondu du beste behin ere. Txosnagunea hartuko duen Agirren Lehendakariaren plazan aurkeztu zuten atzo, bost egunerako prestatu dituzten ekintzak: kontzertuak, lehiaketak, jokuak, eskaintza gastronomiko alternatiboa… adin guztietarako hamaika ekitaldi antolatu dituzte gauez zein egunez. Izan ere, hori da aurtengoan guneak txertatu duen berrikuntzetako bat, gaueko kontzertuen eskaintza anitzari, eguneko eskaintza batu diote eta hura indartzen jaotea dela asmoa jakinarazi dute txosnaguneko ordezkariek, “egunez jaiak gozatu nahi dituzten horiengana ireki eta egokitu nahi dugu”.
Urtero bezala, gogoz eta ilusioz prestatu dute egitaraua, “maitasun handiz aritu gara bestelako gunetzat hartzen dugun horretan parte hartzen dugun taldeok”. Txosnagunea gune alternatiboa, sentsibilizazio espazioa, eta gozamen eta aldarrikapenerako eremua dela argi utzi dute, gainera. Azken hilabeteetan hausnarketa prozesua burutu dutela, eta horretan jarraitzeko asmoa dutela ere esan dute, “ikusi eta berrikusten, pentsatu eta berpentsatu, egin eta berreginez aurre egin nahi diogu orainari, alaitasunez eta kritikotasunez, aldi berean, biharkoa marraztuz”.
Eta hausnarketa prozesu horrek eman ditu bere lehen fruituak. Horren harira kontsumoari erreparatu diote eta hainbat aldaketa egin dituzte Txosnagunean eskainiko dituzten produktuetan: ” Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak, ekoizteko moduak eta pertsonak, nahiz ingurunea zaintzen duen merkataritza solidario eta justuago baten alde agertu nahi izan dugu. Zentzu horretan esfortzu berezia egin dugu edari batzuk ezagutu, bilatu eta aukeratzerakoan”. Besteak beste, kola, patxarana, rona eta gararagardo motaren bat edo beste irizpide horren arabera aukeratu dute. Janari txosna beganoa ere izango da, gainera, bigarren urtez.
Birziklatzearen aldeko apustua mantentzen dute halaber, eta urrats bat gehiago egin dute urtero erosten duten edalontzi kopurua, eta beraz, plastikoa, murrizte aldera. Edalontzia euro batean erosiko dute erabiltzaileek eta berriro barran uzterakoan bi aukera izango dituzte: basoaren truke txartela jasoko dute eta hura aurkeztuta beste edalontzia eskuratu ahalko dute berriz erosi gabe; edo basoa itzuli eta 50 zentimo jasotzea. Beste 50 zentimoak edalontzia garbitu eta gordetze aldera bideratuo dira”.
Erasorik gabeko gune askeak
Madalena Planeta eta festetako gainontzeko guneak askeak nahi dituzte harremanetan eta jokabidetan, eta hori bermatze aldera ere hartu ditu erabakiak Txosnaguneak: “Errespetuzko harremanak edukitzeari eta elkar zaintzeari garrantzia eman nahi diogu, eta horren harira, denon artean eraso sexista, jarrera homofobo, arrazistak edo espezistak ekiditea oso garrantzitsua da”. Halako eraso bakoitza erantzuteko prest da Txosnagunea eta bitartekoak ere prestatu ditu: txilibituak eta mikrofonoa.
Dirudun, harresi, espetxe eta mugen Europari ezetz esan nahi diote, bestalde, eta atxikimendua eman diote udan Errenteria-Oreretatik Lanpedusara joango den lantaldeari. Errasutegia ere izan dute gogoan, eta Gipuzkoa Zutik mugimendutik sortutako Orereta Zutik taldearekin bat egin du Txosnaguneak. Azkenik, desobedientzia eta adierazpen askatasunaren alde egin du guneak eta gogor salatu du Mozal Legea.
Euskal presoak ere izan dituzte gogoan Txosnagunea osatzen duten eragile eta talde ezberdinek, eta bereziki, gaixotasun larri eta sendaezina duen Aitzol Gogorza bizilaguna, “doakiela hemendik besarkada bana presoak eta gurekin ez dauden edo urrun dauden senide eta lagunei”. Eskerrak ere eman zizkieten egitaraua prestatu eta gainontzeko lan guztietan modu batean edo bestean lagundu duten guztiei.
Aurten, karpa
Askekintza, harresirik Gabeko Lurraldeak, Oreretako Ernai, Oreretako Ikasle abertzaleak, Oreretako Gazte Asanblada eta Zintzilik Irratia izango dira txosnagunean aurten. Baina horiekin batera elkarlanean aritu dira Arditurriko Errepublika Sarea, Baserritik Mundura, Bilgune Feminista, EMTE, Euskal Gunea, Indiorock, U-23 Faktoria, Labore Kontsumo Kooperatiba eta Sare.
Agirre Lehendakariaren plazan karpa izango da gainera, lehenengoz, Txosnaguneak antolatu duen ekintzetako asko bertan hartzeko, “herriko eragileei espazioa ireki nahi izan diegu nahi dituzten jarduerak egiteko”. Askekintzaren txosna bertan izango da, karpan, eta jaki beganoak eskainiko ditu egunero 13:00etatik 17:00etara eta 20:00etatik 24:00etara.
Txosnagunean topatu ahal izango diren produktu etikoak
- Frixen Kola etikoa, beganoa eta kooperatibakoa (Bakarrik edateko edo sistematikoki konbinatuetan erabiliko da).
- Arriaca garagardo artisaua.
- Etxean egindako patxarana, 0km, Oiartzungo Artiturrikoa.
- Belar Likorea, Oreretako Lañeta likore egileena.
- Euskal Herriko urteko eta kriantza ardo ekologikoa.
- Elkartrukeren ron kubatar etikoa.
- Iturriko ura doan (hondakinak 0)
Askekintzaren txosnan
- Euskal Herriko ardo beltza eta txuria ekologikoa
- Euskal Herriko sagardo ekologikoa
- Zuku ekologikoak
- Eguneko platera bertako produktuekin eta beganoa
- Eramateko janari beganoa bertako barazkiekin lagundua
- postre beganoak
- Bidasoa Garagardo artisaua
Zintzilik Irratiaren txosnan
- Mala Gissona garagardo artisaua
Txosnagunearen egitaraua.