Ane Santesteban txirrindulari errenteriarrari babes osoa erakutsi nahi dio udalak, eta horren harira, hilaren 25ean ekitaldia antolatu du.
Ane Santesteban.
Rion (Brasil) egingo diren olinpiar jokoetan parte hartuko duen Ane Santesteban txirrindulari errenteriarrari babes osoa erakutsi nahi dio udalak, eta horren harira, hilaren 25ean ekitaldia antolatu du. Biteri kalean, Santestebanen pankarta jarri duen leku berean egin dute zita 11:00etan, eta gobernu taldeak 3.000 euroko txekea emango dio errenteriako txirrindulari gazteari, “diru laguntza hori egin duen ahalegina aitortu, eta halako proba batean parte hartzeak eta proba bera prestatzeak sortutako gastuei aurre egiteko emango diogu”.
Herritarrak berekin direla ere sentiarazi nahi diote, eta horretarako, Santestebanekin batera bizikletaz ibilbide bat egiteko aukera izango dute, entrenamendu moduan, hala nahi duten herritarrek.
Errenteriako txirrindularitza zorionekoa dela gaineratu du udalak, “duela 50 urte Luis Otañok Tourreko etapa bat irabazi zuen, eta egun, hiru txirrindulari profesional ditugu herrian, Ane Santesteban, Dorleta Eskarmendi eta Naia Leonet. Hiru emakume horietaz gain, Aritz Bagues ere txirrindularitza profesionalean ari da”. Santesteban, olinpiar jokoetan izango den lehehn errenteriarra da eta hori “gertaera historikotzat” jo du gainera udalak.
Santestebanek Espainiako errepideko banakako lasterketako txapeldun (2009), Euskadiko bideko txapeldun (2010), Espainiako bideko txapeldun (2013), eta Espainiako bideko txapeldunorde (2015) izan da.
Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteari eskerrak eman dizkio bestalde, Errenteriako Udalak eta baita zoriondu ere, “Ane Santesteban bertan formazteaz gain, laguntza osoa eskaini duelako ekitaldian parte hartzeko”.