KAE2 Ligan jokatu diren bost banderetatik bostak irabazi dituzte Itsaslapurrek. Hibaikak hazten jarraitzen du, gero eta emaitza hobeak lortuz.
Itsaslapurrak, Errenteriako Hiria banderarekin. Argazkia: Josu Z.
Bost banderarik bostak zakura. Inork gaindituko al ditu Oiartzungo Itsaslapurrak KAE2 Ligan? Momentuz, inork. Errenteriako Hiria IV. Ikurrina larunbatean eta Algortako Portuzaharra Bandera irabazi dituzte oiartzuarren asteburuan, hau da, bere ligan jokatu dituzten bandera guztiak astindu dituzte. Sekulakoa. Nork pentsa zezakeen hori, adibidez, iazko urtarrilean, arraun elkartea sortu berri zenean? Inork.
Eta gainera, sasoiak itxura du banderaz josita egongo dela oiartzuarrentzat. Arkotek bakarrik egin diezaioke aurre Itsaslapurrei. Izan ere, Arkote ez bada, beste gainontzeko aurkariak oso-oso urrun dituzte Rufo Urtizbereak entrenatzen dituen taldeak, ia beti 30 segundo baino gehiagora. Baina erne Arkoterekin, atzo, Algortako estropadan, bi segundo atzetik bakarrik izan zituztela. Sasoia luzea da, 14 estropadakoa. Bost puntuagarri egin dituzte, denak aldekoak oiartzuarrentzat, baina sailkapen nagusian duten abantaila handitzeko, edo horri eusteko, lan handia egin beharko dute.
KAE2n jarraituz, Hibaikak larunbatean Pasaiako badian antolatu zuen estropadan (Errenteriako Hiria IV. Ikurrina) nahi baino emaitza txarragoa lortu zuen, seigarren izan ziren errenteriarrak Oiartzundik 48 segundora. Atzo, Algortan, askoz hobetu ibili ziren Madalen ontzikoak, hirugarren postua lortuz irabazleetatik 30 segundora. Ondo ari da aurten Hibaika, hazten, baina erregulartasuna mantendu egin behar du.
Honakoak dira KAE2ko asteburuko bi estropaden sailkapenak:
KAE1
Bigarren Ligako Oarso Bidasoko bi traineruak, KAE1ekoak alegia, Orioko Bixigu Eguna banderan izan ziren lehian larunbatean. Hondarribia B eta San Pedro B daude liga horretan.
Ondarroa izan zen nagusi estropada horretan. Hondarribia B zazpigarren izan zen bizkaitarretatik 31 segundora, eta San Pedro B 11. lehenetik minutu batera. Behean, estropadaren sailkapena.