Iaz bezala, 'Ciudad de San Sebastian' katamaranak Donostiatik Albaola Itsas Kultur Faktoriarako ibilbidea egingo du udan.
Albaolako Itsas Faktorian lehorreratzen dira bisitariak
Itsas ibilbide hau uztaileko larunbatetan eskainiko dute (hilak 16, 23 eta 30ean) eta abuztuan astearte eta larunbatetan. 10:00etan irtengo da
Ciudad San Sebastián katamarana Donostiako portutik, eta 10:45ean, Albaolako pantalanean porturatuko da.
Ondoren, Albaola Itsas Kultur Faktorian bisita dinamizatu bat egiteko aukera izango da, eta jarraian, 12:00etan, San Pedroko parte zaharra eta Mater Itsasontzi Museoa bisitatzeko aukera. Materren arrantzaleen bizitza eta arrantza arte tradizionalak erakutsiko dituzte, eta horrez gain, hegaluzea eta bertako txakolina dastatzeko aukera eskainiko dute.
Ondoren, Pasai Donibanera txalupan pasatzea egongo da, eta bertako alde zaharra eta Victor Hugo Etxearen museoa bisitatzea.
Azkenik, Donostiarako buelta autobusez egin ahal izango da, bai Pasai San Pedrotik bai Pasai Donibanetik, eta animatuenek ere mendiz egin dezakete itzulia, Ulia zeharkatzen duen ibilbidetik oinez, eta etorreran itsasotik ikusitako paisai bera lehorretik ikusiz.
Txartelen erreserbak Internet bidez egin daitezke, edo ondorengo tokietan: Explore San Sebastian Region Turismo Bulegoan, Donostiako turismo bulegoan (bulebarrean), Albaolan eta Katamaranak Donostiako kaian duen etxolan.
Tiketaren prezioa 25 eurokoa da helduentzat; 23 eurokoa 6-14 urteko gazteentzat, 18 euro 3-6 urteko haurrentzat eta doan 0 eta 3 urteko haurrentzat.