Agintaldi honen barruan Emakumeen Etxea martxan izango da Errenteria-Oreretan. Haren oinarriak adosteko parte hartze prozesua egiten ari dira, urte amaierara arte.
Emakumeen Etxearen gaineko parte hartze prozesua egiten ari dira.
Emakumeen Etxea izango du Errenteria-Oreretak. Agintaldi honetan izango da, udalak horretarako konpromisoa hartu baitzuen. Eraikinaren kokapena ere zehaztuta dago, Txirrita parkeak (Patxiku zelaia) hartuko du. Herriko emakume talde, feminista eta norbanakoak mahaiaren bueltan eseri eta etxe horrek zein funtzio izango dituen eta nola kudeatuko duten erabakitzea da gakoa orain. Eta hasi dira horretan, Emakumeen Etxeak oinarri sendoak izan ditzan. Parte hartze prozesua abiatu zuen udalak horretarako hilabete hasieran, urte amaierara bitarte sei saio aurreikusi dituzte; dagoeneko bi egin dituzte.
Pozik dago Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotzia hausnarketa prozesuaren hasierak emandakoarekin: «35 emakumek hartu dute parte orain arte. Bi saioetan ez dira emakume guztiak berberak izan. Kopurua mantendu da, eta jende berria gehitu diogu prozesuari».
Prozesua uste baino zabalagoa eta anitzagoa izan dela gaineratu du Lopez Etxezarretak, «mugimendu feminista eta udaletik gertu dauden norbanako eta eragileetako kideek hartu dutelako parte, baina baita ere egunerokoan harreman hori ez dutenak. Bigarren saioan migratzaileak ere izan ziren. Horrek guztiak erakusten du uste genuena baino sektore zabalago batera heldu garela».
Lau iparrorratz
Bi saioetan lortu dute finkatzea, gainera, zeintzuk izango diren aztertu eta adostu behar dituzten punturik garrantzitsuenak. Oraindik zehaztasun handirik ez badago ere, iparrorratz izango diren lau gakoak zehaztea lortu dute. Etxearen kudeaketaren dagokiona da kezka nagusietako bat, Berdintasun azpisaileko zinegotziak esan duenez: «Zein paper izango duen udalak, Emakumeen Etxeak autogestionatua izan behar duen, emakumeek modu autonomoan kudeatzeko gaitasuna badagoen eta erakundeek zein paper izan behar duten honetan guztian da orain arte azaleratu dugun kezka nagusia parte hartu dugun emakumeok». Udatik bueltan monografikoki landuko duten gaietako bat izango da kudeaketarena, beraz.
Ez bakarra, ordea. Etxean feminismoaren kontzeptuak zein leku izan behar duen ere kezkatzen ditu. Feminismo hitzak aurreiritzi dezente sortzen dituela jarri dute mahai gainean, «etxeak zein oinarri, filosofia eta helburu dituen zehaztu beharko dugu, eta terminologia adostea ere garrantzitsua izango da», gaineratu du. Saioetan eztabaida kontzeptual garrantzitsua piztu dela esan du, «modu anekdotikoan aipatu beharra dago gizonen papera ere aipatu dugula. Parte hartu behar duten edo ez, mugimendu feministan militatzen duten gizonek, ikuspuntu feminista dutenek… izan behar duten».
Emakumeen Etxeak anitza izan behar duela ere argi dute, «aniztasunari erantzun behar dio, emakume guztiengana iritsi behar dugu eta hori erronka garrantzitsu gisa planteatu dugu». Etxeari berari garrantzia eman diote, baina baita prozesuari ere. Hori da bi saioek eman duten beste ondorioetako bat. Prozesua zaindu egin behar da, baita bertan parte hartzen ari diren emakumeak ere, «prozesutik ateratzen dena errespetatu behar dela argi dugu denok».
Urriaren 1ean beste saioa
Emakumeen Etxea egi bihurtzeko bidean talde eragilea sortu dute. Beraiek gidatzen ari dira prozesua, eta gogo betez eta ilusioz ari dira lan horretan. Lopez Etxezarreta bera, Berdintasun azpisaileko teknikaria, Elhuyarreko teknikaria, eta berdintasun kontseiluko lau kide ari dira talde eragileko kide.
Agintaldia amaitu aurretik izango da Errenterian Emakumeen Etxea. Lopez Etxezarretak ez du eman datari buruzko zehaztasun gehiagorik, «prudentzia garrantzitsua da, ez dakigulako nola joango diren aurrekontuak zehazten urtez urte. Ziurra dena da, bai ala bai, Emakumeen Etxea agintaldi honen barruan egina eta martxan izango dela».
Udalerrian Emakumeen Etxea izatea garrantzitsua eta beharrezkoa dela argi du. Bost urte egin ditu Berdintasun zinegotzi gisa udalean, eta denbora horrek emakumeek espazio askeak behar dituztela erakutsi diola esan du: «Espazio propioak behar ditugu, begirada feminista bermatuko duten identifikatutako eremuak. Sinistuta nago zeharo beharrezkoa dela erreferentzialtasun bat eta izen argi bat izango duen espazio propioa izatea. Eta hori Emakumeen Etxea izango da». Oinarriak jartzen hasi dira, sendo, baina haiek ongi finkatzeko parte hartze prozesuak segida izango du udazkenean. Urriaren 1ean egingo dute hausnarketa prozesuaren hurrengo saioa, eta lanketa zein izango den ere lotuta utzi dute oporrak hartu aurretik.
Donostiako Emakumeen Etxea da hurbilen dagoen antzeko esperientzia, erreferentzia da beraientzat. Horixe izango dute hurrengo eginkizuna, dagoeneko martxan dauden beste etxeen esperientziak entzun eta jasotzea, «haien esperientzietatik asko dugulako ikasteko».
Bidasoan ere egi bihurtu nahi dute Emakumeen Etxea
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreko agintaldiko partaidetzazko aurrekontuen barruan adostu zuten diru zati bat Bidasoan Emakumeen Etxea egiteko. Gobernu aldaketa izan zen iazko maiatzean, eta Berdintasun zuzendaria aukeratzeko denbora apur bat pasatu zela ekarri du gogora Karmele Tolosa Bidasoaldeko Elkarte Feministako kideak. Geldialdi baten ostean, urratsak egiten hasi dira berriz ere, eta parte hartze saioa egin dute Elhuyarrekin, martxora arte. 40 emakume aritu dira guztira.
Aste honetan bertan, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazurekin bildu dira. Haren «harrera ona» izan dutela esan du Tolosak. Abuztuaren 2an, berriz, Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin bilduko dira. Izan ere, udalak ere inplikatu nahi dituzte. Kokagune zehatzik ez dute, «Irun edo Hondarribian izan berdin zaigu, egokia izatea da gakoa». Udalekin bilduta, ikasturte berrian Bidasoako Emakumeen Etxearen gaineko hitzarmena sinatzea dute helburu orain.
Erreakzioak
Prozesuan parte hartzen ari direnen iritziak bildu ditu HITZA-k. Honakoa da lau emakumek egin duten balorazioa.
1-Zergatik ari zara parte hartzen Emakumeen Etxearen gaineko parte hartze prozesuan?
2-Zure ustez, zergatik da beharrezkoa Emakumeen Etxea?
Charo Rodriguez, Bekoz Beko taldeko kidea: “Ongi sentituko garen eremu erreferentziala behar dugu emakumeok”
1// Proiektuaren berri eman zidaten eta interesgarria iruditu zitzaidalako ari naiz parte hartzen. Oso positiboak iruditu zaizkit orain arte egindako bi saioak, gaiak adosteko aukera izan dugu eta ekarpen asko egin ditugu parte hartu dugun emakume guztiok. Oso aberasgarria izan da.
2// Emakumeok biltzeko espazio propioa izatea beharrezkoa dela uste dut. Emakumeen Etxe bat Pasaian izatea nahiko genuke Bekoz Beko elkarteko kideek, gure egituragatik, Pasaiako biztanleria nahikoa banatuta dago eta gure udalerria halako espazioa sortzea nahiko genuke. Halere, uste dugu Oarsoaldean halako etxe bat izatea oso interesgarria dela. Ezinbestekoa, beharrezkoa da, ongi sentituko garen eremu erreferentziala izatea emakumeok».
Karmele Fernandez Boga, Berdintasun Kontseiluko kidea: “Jatorri eta jarduera ezberdinetako emakumeak bildu gara”
1// Berdintasun Kontseiluko eta talde eragileko kidea naiz, eta parte hartzeko konpromisoa hartu nuen hasieratik. Saioak oso positiboak izan dira, pluraltasun handia izan dutelako. Pentsaera, jatorri eta jarduera ezberdinetako emakumeak elkartu gara.
2//Herriarekiko erreferentziazko espazioa eta eskualderako balioko duen gunea behar dugu. Mugimendu feministaren aldarrikapena da hori, Berdintasun Kontseiluak bere egin du eta egungo udal ordezkari batzuk programa politikoan ere sartu dute. Orain da momentua. Estrategia berriak sortzeko tresna izan daiteke Emakumeen Etxea, erakunde politikak ezartzeko garaian gure proposamenak kontuan hartzeko, baita berdintasun kota lortzeko abiapuntua ere.
Eli Etxabeguren, Kolpe Morea taldeko kidea: “Emakumeen Etxea proiektu berriak batera sortzeko behar dugu”
1// Berdintasun Kontseiluko kidea naiz, eta proiektuaren berri hasieratik izan dut. Oso interesgarria iruditzen zait. Gazte bezala, aukera bat da proiektu bat beste emakumeekin aurrera ateratzeko. Prozesu guztia garrantzitsua da, beste emakume batzuk ezagutzeko aukera eman digu, sareak sortu eta elkar ezagutzeko, eta elkarlanean proiektuak sortu badaitezke, apustu izugarria da herriarentzat. Balorazioa oso positiboa da. Oso polita izan da entzutea bakoitza zein errealitatetik datorren, zein ideia dituen, eta etxearen oinarriez hitz egitean bakoitzak nola ulertzen duen ikustea. Gogoz ari gara, ilusio handia dago.
2// Sareak sortzeko erreferentziazko gune bat izateko, leku fisiko bat, elkar ezagutzeko eta batera proiektu berriak sortzeko.
Toñi Redondo, Agustinetako Emakume Taldea: “Garrantzitsua da Emakumeen Etxeak aniztasuna bermatzea”
1// Beharrezkoa iruditzen zait esparru ezberdinetako emakumeek parte hartzea bertan, aniztasuna bermatu dezan proiektuak, eta guztien beharrak ase ditzan. Lehenengo bi saioak oso positiboak izan dira, momentuz oso ideia orokorrez mintzatu bagara ere. Elhuyarreko teknikariak erabiltzen ari diren teknikak beste emakumeekin enpatizatzeko baliagarriak izaten ari dira, eta gutxinaka Emakumeen Etxeak dituen beharren gaineko kontu garrantzitsuak azaltzen ari dira.
2//Emakumeok erreferentzia puntu bat izatea garrantzitsua da. Biltzeko, eztabaidarako, ikasteko eta ahalduntzeko eremua behar dugu. Hau da, zubi bat parekidetasunaren alde aritzeko. Bide horretan, Errenterian Emakumen Etxea izatea beharrezkoa iruditzen zait.