Iker Vidal (Kazetaria eta Pasaia KE-ko jokalari ohia): "Pasaia zerbait izan bada herritarren laguntzarekin izan da"
Pasaia Kirol Elkarteak 75. urteurrena bete du aurten, eta urtemugaren harira, klubaren historia jasoko duen liburua landu du Iker Vidal antxotarrak; jokalari ohiak barrutik ezagutzen du kluba.
«Antxo bezalako herri bateko futbol taldeak 600 bazkide izatea adierazgarria da» «Zelaiarena taldeak sorreraz geroztik sufritu duen arazoa izan da»Ondoren etorri zen Molinao, Pasaiak izan duen zelai propio bakarra eta iraunkorrena. Hura lortzeko ere urteak eman zituzten negoziatzen. Molinao futbol zelaiaren orubea Luzuriagarena zen. Luzuriagari Antxoko kale bat interesatzen zitzaion eta udala sartu zen tartean, truke bat hizartzeko: Udalak kalea eman zion Luzuriagari, eta Luzuriagak lur zatia Molinao eraikitzeko. 1969. urtean inauguratu zuten Molinao, eta ematen zuenean azkenik Pasaiak bazuela zelai propioa, 1973an itxi behar izan zuten hiru urtez, Bilbo-Behobia errepidea egin zutelako, eta zelaia 30 metro barrura mugitu behar izan zutelako errepidea egin ahal izateko. Hortik aurrera, berriro, erbestean jolastera, 1976an berriz ere inauguratu zuten arte. 1988an beste obra handi bat egin zuten, eta 1998an aldatu zituzten belarra eta aldagelak. Lau urte gehiago iraun zuen zelaiak, Antxoko saihesbidea egiteko bota zutelako. Orduz geroztik Don Boscon gaude, eta hori lortzeko Mauricio Oleak eta zuzendaritzak asko borrokatu behar izan zuten. Don Boscorako hitzarmena hamar urterako zen, eta hamabi pasatu dira, baina zelaia egiteko aurreproiekturik ere ez dago. Nola sortu zen Pasaia Kirol Elkartea? Pasaian futbol talde dezente egon dira. Lutxana Pasaitarra, El Español Pasaitarra… Ondoren sortu zen Pasaiaren historian garrantzitsuena izan den taldea, Pasayako Lagun Ederrak, Espainiako txapeldun izan zena gaur egun Bigarren Maila litzatekeen horretan. Baina 1936ko gerrak etenaldia ekarri zuen. Pasaia gerra ondoren sortu zen, La Bodega tabernan, Oarso kalean, gaur egun Jaizkibel Mendi Taldeak duen egoitzan. Han elkartzen ziren lagun batzuek erabaki zuten futbol talde bat eratzea eta hala sortu zen Club Deportivo Pasajes, 1941. urtean. Hasierako urteak nolakoak izan ziren? Sortu eta berehala Erregional Mailako talde oso indartsua bilakatu zen Pasaia. Jokalari onak, emaitza onak… 1950eko hamarkadaren bukaerara arte oso talde lehiakorra izan zen. Ondoren krisia dator, 1960ko hamarkadan, bai ekonomikoa zein kirol mailakoa. Hor katarsi moduko bat egon zen Tomas Gonzalez, Joaquin Kortaberria eta herriko jendeak taldearen gidaritza hartu zuen arte. Beraiek suspertu zuten taldea. Kudeaketari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke? Nik, jendearekin hitz egin eta gero, eta ikusita hamarkadatan zehar egin den lana, oraindik ez dut ulertzen Pasaia nola iritsi den 75. urteurrena betetzera. Aurrera egin dute beti, nola ere ez zekitela, eta ia miraria izan da 75 urte betetzea. Beti baldintza eskasetan, futbol zelairik gabe, zozketak antolatzen, herrian eskatzen, merkatariei… Jende guztiak nabarmentzen du ideia berbera: Pasaia taldea, auzolanik gabe eta herririk gabe ez litzatekeela ezer. Pasaia zerbait izan bada herriaren laguntzarekin izan da. Antxo bezalako herri bateko futbol taldeak 600 bazkide izatea adierazgarria da. Bizirauteko borrokan beti. Denetik egin dute dirua lortzeko. Errifak saldu, Pepe Iturgaitzen antzerkiak parrokiako sotoetan, dantzaldiak, tonbola bat futbol zelaiaren alde… Kapotarik gabeko 600 auto bat ere zozkatzen zuten hilero Gure Zumardian. Liburua osatu bitartean harribitxiren bat topatu duzu? Esan behar da Pasaia ez dela izan bakarrik futbola. Txirrindularitza talde bat eduki zuen 1960ko hamarkadan, Pasajes Citrania izenekoa; Pasaia Kontxako banderan atera zen ere, Club Deportivo Pasajes bezala, 1960an, Antxoko trainerua Kontxan atera zen bosgarren aldian; eduki du eskubaloia mutiletan eta nesketan, eta neskek Espainiako Ohorezko Mailan —kategoria nagusienean— jokatu zuten. Urrian kaleratuko da liburua, urteurrenaren ospakizunen testuinguruan. Pasaiaren Astea antolatuko da, urriaren 17tik 23ra, eta aste horren barruan liburuaren aurkezpena egingo da. Urteurrenaren barruko lehen ekitaldia larunbatean da [bihar]. Reala B, Real Union eta Pasaia taldeek Don Boscon jokatuko dute, 18:30ean hasita. Aurrerago nesken taldeen arteko partida bat egongo da. Oiartzunen jokatuko dute Realak eta Oiartzunek. Beteranoen artekoa ere hitzartuta dago, Pasaia-Reala; hitzaldiak ere izango dira, eta herri bazkaria. Horrez gain, Reala etorriko da egun batean Don Boscon entrenatzera. Gaur egun nola ikusten duzu Pasaia Kirol Elkartea? Kirol arloan inoiz baino hobeto. Azken urtean bere historiako denboraldirik onena egin du. Bederatzigarren geratu dira Hirugarren Mailan. Orain dela lau urte maila horretara igo ginenean joan-etorriko bidaia bat izango zela ematen zuen. Aldiz, badirudi urtetik urtera hobeto ari direla. Zuzendaritzari dagokionez, orain aldaketa dator. Azken 25-30 urtetan ibili direnak badoaz, eta ikusi behar lekuko aldaketak nola funtzionatuko duen. Hala ere, ez da historian gertatzen den lehengo aldia.