Larunbateko azken estropadan San Juan garaile izan arren, Hibaika izan da herrialdeko ligako txapeldun.
Hibaikakoak, larunbateko estropadan
Uztailaren 6an Gipuzkoako Txapelketa irabazi, eta larunbatean, etxeko azken estropadan, Gipuzkoako Emakumeen Liga. Hibaika Arraun Elkarteko emakumeen traineruak herrialdeko bi lehia nagusiak irabazi egin ditu aurten. Hibaikarena da Gipuzkoa.
Larunbat goizean egin zuten Errenteria-Oreretan, Oiartzun ibaian, Gipuzkoako Emakumeen Ligako hamalaugarren eta azken estropada. San Juanek irabazi zuen, eta Hibaika bi segundo pasata iritsi zen helmugara. Baina aldez aurretik sailkapen nagusian zuen bi puntuko aldea baliatuta festa biribila egin zuten etxean
Madalen ontziko emakumeek. Horrela, sailkapenean 100 punturekin lehena izan da Hibaika (ligako sei estropada irabazita, lau bigarren posturekin), eta bigarrena San Juan 99rekin (sei estropada irabazita ere, baina hiru bigarren posturekin).
Oarso Bidasoko beste ordezkaria, Hondarribia, zortzigarren izan da herrialdeko emakumeen ligan, Colindres azkenaren aurretik. Esperientzia hartzeko urtea izan da berdeentzat.
Orain, Oarso Bidasoko traineruak osteguneko Kontxako sailkapen estropadari begira jarri dira.