Fernando Lizeaga antxotarra gose greban da, preso gaixoen askatasuna aldarri. Ostiralean preso ohiari egindako elkarrizketa osorik argitaratuko du Hitzak.
Joxean Kortadi eta Fernando Lizeaga gose greba mugagabean ari dira Etxarrin.
Gose greban da Fernando Lizeaga ‘Tato’ pasaitarra hilaren 15az geroztik, Joxean Kortadirekin batera. Etxarri Aranatzeko ikastola zaharrean daude bi preso ohiak, eta greba mugagabea egitekoa asmoa adierazi dute. OARSO BIDASOKO HITZAk Lizeaga elkarrizketatu du, eta ostiraleko papereko edizioan argitaratuko du elkarrizketa osorik.
Lizeagak azaldu duenez, “larri gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko” ekin diote gose huelgari, eta beren borrokaren helburu nagusia hori dela nabarmendu du elkarrizketan. Horrez gain, beste hausnarketa bat jarri du “mahai gainean”: presoen gaiari “herri bezala erantzuteko kristoren beharra” dagoela iritzi dio, eta norabide horretan “denok batera” ekiteko gaitasuna eskatu du.
Legea bete dadin lortzeko “kalean estutu” behar dela iritzi dio preso ohi antxotarrak, eta premiazkoa jo du herriaren mobilizazioa presoentzat bizi baldintza duinak berma daitezen lortzeko. Azaldu duenez, mezu hori bera zabaltzeko helburuz deitu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak manifestazioa larunbaterako, Etxarrin bertan. Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da manifestazioa.
Lizeagak, azkenik, “sigla jakin batzuk edota ildo politiko zehatz baten defentsan” ari direnik ukatu du eta jendeak hala uler dezala eskatu du: “Gure anai-arreben duintasuna eta dagozkien eskubideak betetzea aldarrikatzen ari gara”.
Hamaseigarren egunari ekin diote gaur Lizeagak eta Kortadik gose greban. Ahulezia igartzen hasiak diren arren ondo daudela esan du.